Teknologia albisteak

Kontuak egiaztatzeko formularioa gaitu du Instagramek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-08-30 : 08:33

Instagrameko ordezkariek aste honetan azaldu dutenez, Instagrameko kontuak egiaztatzeko aukera gaitu dute eta dagoeneko zuk zeuk ere eskatu dezakezu "verified" ikur urdina gaitzea, Twitterren eta beste sare sozial batzuetan egiten den bezala. Horretarako formulario bat bete beharko da eta pertsona "ezaguna" izan beharko zara.

Sare sozialetan oso ohikoak dira pertsona ezagunen kontu faltsuak. Hori ekiditeko, egiaztatze-prozesu bat egin daiteke sare sozial askotan, besteak beste Twitterren. Ikur urdin baten bidez adierazten da kontu hori "benetakoa" dela, ofiziala. Kontuaren izenean agertzen den pertsona horrena, alegia, eta ez kontu faltsu bat. 

Instagramek aste honetan iragarri du sare sozial horretan ere dagoeneko eskatu daitekeela norbere kontua egiaztatzea, APPean agertzen den formulario baten bidez. Orain arte Instagramek bere kabuz egiaztatzen zituen konturik arrakastatsuenak (kirolariak, artistak, mundu mailako politikariak,...). Hemendik aurrera, zuk zeuk egin dezakezu eskaera, nahiz eta horretarako jarraitzaile-kopuru minimo bat beharko duzun eta pertsonaia publikoa  zarela egiaztatu beharko duzun.

Prozesua erraza da. Aplikaziora sartu, kontuaren ezarpenetara joan eta eskaera-orri txiki bat bete behar da zure nortasuna ziurtatuko duena. Instagramek eskuz aztertuko omen ditu eskaerak eta dena zuzena bada, ikur urdina gehituko dio zure kontuari. 

Aukera hori gutxinaka gaituko omen da erabiltzaileen kontu eta aplikazioetan. Laster batean, edonork izango du eskaera hori egiteko aukera, nahiz eta Instagramek esan duen ikur urdina "figura publikoentzat" bakarrik erabiliko duela.

Erantzun

Sartu