Teknologia albisteak

Facebook, film piratak ikusteko leku hori

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-31 : 10:45

Business Insider agerkari ekonomiko estatubatuarrak salatu duenez, Facebook-en film piratak lasai asko ikusteko aukera dago, eta Facebook-ek dio ezer ezin duela egin hori ebitatzeko, ez badu egile-eskubideen jabeen eskaera zehatza jasotzen. Facebook-eko talde pribatuetan omen daude pelikulak trukatu eta ikusteko aukera hauek. Probatu dugu halakorik aurkitzen eta barrira sartzen eta, bai, film piratak Facebook-en ikustea erraza da.


Kontua da Facebook-eko Groups edo Taldeak antolakuntza erabiltzen dutela. Talde hauek irekiak edo pribatuak izan daitezke, eta pribatuetan gertatzen da film osoen trukea (edo filmak osorik igotzea, beste taldekideek ikus ditzaten).

Gakoa films, movies, películas, HD, eta halako gauzak bilatzea da, Facebook barruan. Emaitzak gero Taldeak atalera murriztu, euskarazko interfazearekin egindako adibide honetan bezala:

Taldeak pribatuak dira, baina berdin dio; zuk bat egiteko eskatu, eta ordu gutxiren buruan onartu egiten zaituzte. Ez dira lagun-taldeak, baizik eta jende pilaketa anonimoak. Horrela topatu ditugu batzuk, eta bat egin ere:

Azken film hori ikusten ari ginela atera dugu ilustrazioko irudia: Facebook-eko interfaze euskaratuarekin, ikusten duzuen bezala.

Facebook-eko pirateria kontu honetaz artikulua egin duen Business Insiderrek galdetu zion Facebook-i ea zer ari zen egiten pelikula hauekin. Aldizkariaren arabera, Facebook-ek apenas egiten duen ezer. Ez bada film baten eskubide-jabeek protesta espezifikoa egiten dutela, ez dute taldeetatik edukirik kentzen. Baina aldi berean, taldeak pribatuak direnez, ez dakit horrek eskatzen duen ekoizleak Facebook-eko eduki guztietara sartu behar diren edo ez...

Tira, guztiarekin, film piratak horrela ikusteko esperientzia ez da hain erosoa ere. Ibili badabil, PCan zein mugikorrean, baina BitTorrent teknologia gauzak aurkitu eta jaitsi ondoren ikusteko erosoagoa iruditzen zaigu.

Erantzun

Sartu