Teknologia albisteak

Hidrogeno trena martxan Alemaniako trenbideetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-17 : 09:55

Hidrogeno pila bidez dabilen eta CO2 isurketarik egiten ez duen lehenengo trena da Coradia iLint izenekoa. Bidaiariak garraiatzeko baimena lortu du Alemanian. 300 bidaiari garraiatuko ditu Saxonia Behereko trenbideetan barrena.

Saxoniako Elbe eta Weser arteko errailek hartuko dute hidrogenori esker kargatzen den pila batekin dabilen munduko lehenengo bidaiari-trena. Etorkizuneko trenak izan daitezkeenaren aitzindaria izango da Coradia iLint izeneko hau. Bere motor elektrikoari esker, erabat ixila da eta ez du gasik edo partikula kutsakorrik igortzen atmosferara (ur lurruna besterik ez). 300 bidaiari eraman ditzake eta 140 km/h abiadura lortzen du, 600-800 km-ko autonomiarekin.

2016an aurkeztua, 2018 hasieran hasi zituen probako lehenengo bidaialdiak eta joan zen astean jaso zuen baimena bidaia komertzialak abiarazteko. Hydrail izena jaso dute hidrogeno bidez higitzen diren tren hauek eta, Alemaniako lehenengo honen ostean, badirudi laster ikusiko ditugula Europako beste hainbat herrialdetan, besteak beste, epe laburrean, Herbeheretan, Danimarkan eta Norvegian.

Ondorengo bideoan azaltzen dute (labur-labur) trena nolakoa den eta nola lortzen duen energia hidrogenoa erabilita.

 

Erantzun

Sartu