Teknologia albisteak

Kapitalismo berantiarreko euskaldunak (eta beste gizaki batzuk)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-25 : 10:33

Humans of Late Capitalism (HOLC) izenarekin bada zenbait kontu Interneteko sare sozialetan: Twitterren, Facebook-en, Instagram-en... Kapitalismo Berantiarreko Gizakiak litzateke itzulpen moduko bat. Orain bertsio euskaldun edo baskoa ere badugu Twitterren: Basques of Late Capitalism @BaskCapitalism

Itxura denez, "Humans of" delako genero bat hasi zen Interneten Humans of New York (HONY) Facebook-eko proiektuarekin. New York-eko hiritarrak agertzen ziren, kalean argazkia egiteko eskatu eta horrela erretratatuak, eta bakoitzak esalditxo batekin hornitzen zuen bere irudia.

Eguneroko bizitzaren "argazki enpatiko" bat izan nahi zuen HONY delako hark, baina kritikak ere izan zituen, proiektu huts eta manipulatua zela ere esan izan zitzaion.

HOLC, aldiz, kritika zuzenera dago dedikatua, eta irudian ekintza humanoak (edo zibilizazio modernoa, bere zentzu zabalenean) agertzen diren arren, ardatza ez dira erretratu pertsonalak (nahiz eta horrelakoak ager daitezkeen). zer da orduan, kontsumitzen duguna edo kontsumigai gisa garena gordinki adierazten duen parabola bat. Irudi errealak dira batzuetan, baina beste batzuetan montaketa faltsuak.

HOLC orijinalaren leitmotiv-etako batzuk dira:

- Teknologiaren edo nerd izaeraren esajerazioak.

- Hiper-tekno-aberatsen luxu eta tik erridikuluak.

- Marka komertzialen gaineko kritika ironikoa.

Ardatz horietan ote dabiltza kapitalismo berantiarreko euskaldunak? Irudi inaugurala Eusko Jaurlaritzak turismoa sustatzeko aurten aurkitu duen aitzakia propagandistikoa izan da, 'Euskadi txakurrekin, Doggyetorri'. Twitter kontuaren irudia ere, momentu ikoniko bat, Miley Cyrus kantaria ikurrina eskuan (Bartzelonan gertatu zen hau 2014an).

Twitter bidez beste erabiltzaile batzuek bidali izan dizkieten irudiak ere txiokatu dituzte. Beraz, kontzeptuarekin bat datorren zerbait topatzen baduzu, bidali @baskCapitalism kontukoei, eta akaso zabalduko da.

Erantzun

Sartu