Teknologia albisteak

Ibilgailuetan ez zorabiatzeko betaurreko bereziak garatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-30 : 09:20

Opor garaian gaude gehienok, ibilgailuan kilometroak egiteko prest... eta bidaia luzeekin batera datoz ibilgailuan izaten ditugun zorabialdi txikiak. Bada, Citroen enpresak zorabioaren aurkako betaurreko batzuk merkaturatu ditu, 99 euroan erosi daitezkeenak. 

Autoan zorabiatzea ohikoa da. Zinetosia deritzo fenomeno horri (edo motion sickness, mugimenduak sortarazitako ondoeza) eta 30 milioi europarrek pairatzen dute. Ibilgailu baten barruan sortzen diren abiadura aldaketek eta errebueltek desorekak sortzen dituzte ikusmenak antzematen duen errealitatearen artean eta belarri barruko oreka-mekanismoak antzematen duenaren artean. Ondorioz, zorabiatu egiten gara, burmuina ez baita gauza bi zentzumenen artean sortzen den desoreka hori ulertzeko.

Citroenek aurkeztu berri dituen betaurrekoek desoreka hori gainditzen laguntzen diote gure garunari. Betaurrekoek likido urdin bat dute, ibilgailuarekin batera mugitzen dena, ortzi-muga irudikatuz. Mekanismo horri esker, 10 minutuan, ikusmen sistemaren eta oreka sistemaren artean sortzen den desoreka hori parekatu egiten da. Hortik aurrera, gure burmuineko "sistema" sinkronizatuta geratzen da eta betaurrekoak kendu egin ditzakegu, zorabiatzeko beldurrik gabe.

Betaurreko hauek Boarding Ring teknologia darabilte, izen bereko Frantziako start-up baten garapena. Zorabioen %95 gainditzeko balio dutela bermatzen dute. Gisa honetako lehenengoak direla ziurtatzen dute garatzaileek.

Erantzun

Sartu