Teknologia albisteak

Kamioiekin jolastea gustatzen zaigulako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-09 : 10:29

Hobby eta afizioen munduan, horra bat bitxia: jostailuzko kamioi modeloekin lanean jardun. Black Forest Modell-Baustelle delakoa Alemaniako klub bat da, urtero topaketa interesgarri bat antolatzen duena.

Modelo hauek egiten dituzten enpresa berezituak egon badaude. Adibidez, Premacon enpresak Liebherr marka ezagunaren induskailu modeloak egiten ditu: 80 eta 400 euro artean saltzen dira. Baina beste modelo batzuk zaletuek beraiek egindakoak dira. Ikusi klubeko partaideek sortutako kamioi eder hauek, Man, Scania eta Volvo markakoak.

Modelo hauek gidatzea plazer hutsa izango dela argi dago, baina zirrara handiena denak batera obretan lanean jartzea izan behar du. Hori da urteroko Black Forest topaketaren funtsa. Lokal zabal batean lurra, harri-txintxarrak eta beste material batzuk jaurti, eta kamioi eta induskailuak lanean jarri zerbait eraikitzeko. Ikus iazko bideo argigarri hau:

2018an, urrian egingo dute topaketa. Argibideekin aklaratzen bazara alemanez, eta halako modeloren bat baldin badaukazu, saiatu izena ematen hemendik.

Alemaniara joan gabe ere...

Modeloen mundu hau garesti izan daiteke, eta logistikoki zaila zaletu askoren artean obrak egiteko antolatzea, baina badago kamioiekin jolasteko beste modu bat: Truck Simulator joko sorta. Bideojoko hauetan, errepide sare erreal/errealista batzuetan Europan edo Estatu Batuetan zehar kamioi bat gidatzea da koxka. Ibilbide errealekin, pentsa Bartzelonatik Varsoviara eraman behar duzula zerbait... ba jarri makina aurrean, eta ekin!

Joko hauetako bat, EuroTruck Simulator 2, euskaratuta dago gainera. Horra zaletu baten 2 orduko ibilbidea, gameplay batean, Game Erauntsia gunetik aterata.

 

Erantzun

Sartu