Teknologia albisteak

Espazioko zaborra birrintzeko laser-kanoiak eraikitzeko asmotan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-08-23 : 10:13

Zaborrak arazo dira gure planetan, lurrazalean ez ezik, baita espazioan ere. Milaka eta milaka tona zabor espazial daude gure planetaren inguruan jira-bueltaka. Plastikoak gure ozeanoetan sortzen duen arazoaren parekoa da gure orbitan dauden hondarrena, 50 urtez espazioan utzi edo galdu den txatar guztiarena. Zabor guzti hori batu edo deusezteko hainbat aukera aztertu izan dira, baina oraindik ez da benetako urratsik eman. Oraingoan, Errusiak aurreratu du laser-kanoi erraldoi bat diseinatzen hasi dela espazioko zaborra birrintzeko. 

Roscosmos Agentzia ari da laser-kanoia diseinatzen eta orbitan jarriko den teleskopio handi baten gainean ezarriko dute. Teleskopio horrek espazioa arakatuko du zabor bila, eta behin itua aurkituta, laserrak birrindu egingo du txatar zati hori. Zabor zati handi eta arriskutsuak izango dira helburu nagusia.

Lehenago ere izan dira antzeko proiektuak. Esate baterako, Txinak ere aipatu izan du laser-kanoiak eraikitzeko asmoa eta baita Australiak ere, baina oraingoz asmoak besterik ez ziren. Japonia ere saiatu zen duela hilabete batzuk zaborra sare handi batzuen bidez "arrantzatzen", baina emaitzarik gabe. Oraingo honek urrats serioa ematen du arazo larri horren aurkako borrokan.

Izan ere, zabor espazialaren kontua ez da txantxarako gaia. Espazioan 170 milioi zabor zati daudela kalkulatzen dute adituek; horietako 670.000 txatar zati 10 cm ingurukoak eta 20.000 handiagoak, pilota baten tamainatik gorakoak. Elementu horiek espazio-untziak, sateliteak eta teleskopio espazialak hondatzeko adinakoak.

Erantzun

Sartu