Teknologia albisteak

Autoa mugikor bidez ireki eta arrankatzeko bidean; lehen estandarrak ezarri ditu Car Connectivity Consortiumek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-05 : 11:37

Gure inguru guztia mugikorren bidez kontrolatzeko bidean gaude. Hemendik gutxira, gure ibilgailua ere mugikorrarekin ireki eta arrankatu ahalko dugu. Lan horretan ari da Car Connectivity Consortium delakoa eta dagoeneko Digital Key 1.0 Releasea iragarri dute, ibilgailuen giltza digitala izango denaren lehenengo bertsio estandarra.

CCC partzuergoak (Car Connectivity Consortium) teknologiaren eta motorraren inguruko 70 enpresa biltzen ditu. Tartean daude Hyundai, Audi, BMW, GM... eta baita Panasonic, Apple, Samsung eta LG ere. Enpresa handi horien artean sortu den partzuergo horren helburua da ibilgailuen eta mugikorren arteko komunikazioa hobetzea eta estandarizatzea. Laster batean, mugikor bidez ireki eta arrankatuko dugu ibilgailua, eta sarerako sarrera ere mugikor-ibilgailu konexio zuzenari esker egingo da. Autoaren sareko konexiorako sarrera ere gure mugikorretik bideratuko diegu bidaiariei. 

Hartara, Giltza Digital baten estandarrak zehazten ari da CCC delakoa eta 1.0 Releasea iragarri dute. Ibilgailuen eta mugikorren arteko konexioa NFC protokoloaren bidez bideratzen da. 

Oraingo hau aurreneko bertsioa besterik ez da, erabitzaile arruntok ezagutuko ez duguna, baina ibilgailuen fabrikatzaileei aukera emango die lehenengo probak egiteko euren etorkizuneko modeloetan. Gainera, CCC dagoeneko hasi da lanean Digital Key 2.0 bertsioan eta 2019 hasierarako prest izango omen dute. 

Une honetan dagoeneko badira mugikorrarekin irekitzen diren ibilgailu gutxi batzuk (Tesla 3, adibidez), baina estandarizazioak asko erraztu, merketu eta hobetuko du aukera hori.

Erantzun

Sartu