Teknologia albisteak

Tham Luang leizeko mutilen erreskateak luze jo dezake

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-03 : 13:06

11-16 urte bitarteko hamabi mutil nerabeko talde bat dira, eta beraien begiralea (25 urtekoa). Hamar egun sartu zirela Thailandiako Tham Luang leizean, eta bertatik irten ezinda daude euriteak galeria asko urez estali dituelako. Atzo aurkitu zituzten sarreratik 4 kilometrora, baina handik ateratzea oso zaila izango da.

Txangoko hamabi mutilak eta begiralea Moo Pa (thaieraz, basurdea) futbol taldekoak dira, thailandiarrak denak, eta ekainaren 23an barneratu ziren leizera. Sartu ziren leizea Chiang Rai Parke Nazionalean dago, Birmaniako mugatik gertu. 10 kilometro luze diren galeriak dituen sistema bat da, eta arriskutsua da eurite sasoian bertan ibiltzea. Uztailetik azarora arriskuaz ohartarazten duen kartela omen dago sarreran.

 



Erreskate talde lokala berehala eratu zen, eta baita hurrengo egunetan handitu zen nazioarteko laguntzarekin, berebiziko zailtasuna duelako kasuak. Mila laguneko laguntza taldea dago honezkero leizearen inguruan.

Erreskate operazioaren aurrerapena oso zaila izan da, eta urpekarien bidez egin behar izan da, guztiz urpean zeuden uneak gaindituz, eta galeria lehorrak arakatuz bidean. Azkenean, sarreratik 4 kilometrora zegoen puntu batean aurkitu zituzten, galeria zabal batetik 400 metrora.

Aurkitu ondoren, espeleologia adituen arabera, lehentasunak izan behar dira:

  1. leizeko mutilak elikatzea,
  2. bibak bat antolatzea dauden une lehorrean,
  3. eta erreskate operazioko urpekarien segurtasuna bermatzea, arrisku handiak gainditu behar baitira mutilak dauden tokiraino iristeko.


Hortik aurrera, erreskatea asko luzatu daitekeela ohartarazi dute agintariek. Gazteak urpekaritzan trebatzea izan daiteke bideetako ba, baina aipatu da halaber mendiaren zulaketa operazioak egin daitezkeela, Txileko 2010eko meatzarien erreskate operazioan bezala.

Txileko kasu hartan, meategi bateko istripua izandakoan 33 lagun geratu ziren lurpean. Thailandiako kasuan bezala, lehen egunetan ez zen kontakturik galdutakoekin, baina esperantza bazegoen babesleku batera iritsiko zirela.Orain Than Luang-en aurreikusten den operazioa ikusita, paralelismoak egin daitezke, baita desberdintasunak nabarmendu ere:

  • 15 egun behar izan zituzten kontaktua egiteko Txilen, bederatzi Thailandian.
  • Txiletarrak babesleku batean zeuden, espazioa, jana eta ura bazegoen tarte baterako. Thailandiakoek duten galeriaren espazioa ez da horrelakoa.
  • Txilekoek zulaketa bidezko kontaktua izan zuten 15. egunetik aurrera, lehenbizi mezuak trukatzeko, gero baita materiala pasatzeko moduan. Ez zen pertsonarik jaitsi erreskateko egunera arte. Thailandiak erreskatatzaile urpekariak iritsi dira, eta kontaktu pertsonala dute leizekoekin.
  • Erreskate konplexurako alternatibak aztertzeko orduan, zulaketak ziren aukera bakarra Txilen; Thailandian aztertzen ari dira.
  • 70 egunez egon ziren lurpean Txilen; denok nahi dugu gutxiago izatea Thailandian, baina 4 hilabete izan daitezkeela aipatu duenik ere bada.

Erantzun

Sartu