Teknologia albisteak

Storytel, harpidetza bidezko audioliburu zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-03 : 09:09

Joan den igandeko Euskadi Irratiko Amarauna programan, Alex Gibelaldek Storytel zerbitzuaren berri eman zuen. Harpidetza bidez audioliburuak entzuteko aplikazio bat da. Suedian sortu zen zerbitzua 2006an, eta gauza minoritarioa izatetik, hazkunde handia izaten ari den zerbitzu bat izatera igaro da.

Alex Gibelalde donostiarra Interneteko ekimen interesgarrietan ibili da azken urteotan. Google eta Twitterren aritu zen, gero proiektu pertsonal bati ekin zion, eta HBO-n ibili ondoren, Storytel-ek fitxatu du Espainiako adarraren zuzendari izateko.

Storytelen katalogoa gaztelaniaz eta ingelesez da nagusiki, baina katalanezko ale batzuk ere gehitu dituzte Espainian. Igandean esan zuen euskarazko edukiak entzun ahal izatea berarentzako ametsa izango zela, baina ikusteko dago ea merkatuak eutsiko liokeen produkzio kostuei.

Audioliburuak ekoizteko orduan, narratzaile profesionalekin lan egiten du Storytelek, eta grabaketarako parametro propioak ere erabiltzen ditu. Espreski formatu honetarako idatzitako lanekin ari dira, adibidez, ez bakarrik lan argitaratuen irakurkeketkin. Alde horretatik, audioliburuen formatuak badu antza aspaldiko irrati-nobelekin, eta inguruan formatu hau ia desagertu den arren, ingelesez edo Eskandinabiako herrialdeetan bizirik iraun du. Entzun katalogo ale pare baten audio pusketak, adibide gisa:

Storytelek harpidetza sistema batekin funtzionatzen du. Katalogoan nahi duzuna aukeratu eta nahi bezala entzun, telebistan Netflixek funtzionatzen duen bezala. Gibelalderen arabera, erabiltzaile tipikoak hiru liburu entzuten ditu hilean, eta horrek esan nahi du 30 bat orduko entzuketa. 10 ordu liburuko, entzuketa esan nahi du horrek: produkzio prozesuan hiru hilabete ere joan daitezkeela esan zuen Gibelaldek. Entzuketa ohiturei dagokienez, gaueko 23.00etatik aurrera entzuten da Storytel gehien. Aplikazioak badu aukeratxo bat, "30 minutu barru isildu", badaezpada lo hartzen duzun entzuten zaudela.

Idazleentzako eredu bezala, Storytelek akordioak egiten ditu autore eta argitaletxeekin, eta entzuketa errealekin proportzionala den rotalty-ordainketa sistema bat dauka hitzarmen bakoitzerako.

Audioliburuen formatuaren hedapenarekin optimista azaldu zen Gibelalde Irratian. Nazioartean Amazon-en jabetza den Audible zerbitzua dute Storytelen lehiakide nagusia, baina merkatua hazten ari da (%22 audioliburu gehiago AEBetan azken urtebetean).

Storytel instalatzeko Android edo iOS-en, bisitatu webgunea, storytel.es

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago