Teknologia albisteak

Jaurlaritza-Wikipedia akordioa: urtebeteko balantzea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-28 : 11:04

Euskarazko Wikipediak 294.000 artikulu ditu gaur egun eta 25.895.000 artikulu irakurtzen dira urtero (egunero 70.000 euskarazko artikulu irekitzen dira). Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen artean akordioa sinatu zenetik 12.410 artikulu berri sortu dira, horietako asko lankidetza honek ahalbidetu dituen bideei esker. Akordioaren lehen urtebetetzearen balantzea aurkeztu da Eusko Jaurlaritzan.

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arteko akordioa hiru urtekoa da (2017-2019) eta Jaurlaritza 200.000 euro inbertitzen ari da urte bakoitzean Euskarazko Wikipedia hobetzeko. Unibertsitateekin batera egin edo hobetu diren lan gehienak UPV/EHUko ikasleen parte-hartzeari esker egin dira. Gutxienez 829 ikaslek hartu dute parte (askok talde-lana egin dutenez, ziurrenik gehiago izan dira), eta egin edo hobetu diren 1.033 artikulu horien bitartez (317 egin eta 716 hobetu) milioi bat hitz baino gehiago gehitu dira Euskarazko Wikipediara. Artikulu horiek 256.000 ikustaldi izan dituzte sei hilabetetan eta 330 irudi berri ere gehitu zaizkie.

Prozesu honetan parte hartu duten ikasle gehienak unibertsitateko laugarren mailan daude (% 52,6), eta beste % 21,1 hirugarren mailan dago. Ikasleen % 85 baino gehiagok balorazio ‘ona’ edo ‘oso ona’ egin du ariketa honetaz, eta guztien % 94,7k errepikatzeko prest daudela esan dute.

Akordioaren baitan beste ekimen bat ere izan da martxan aurten: hilabeteko lehiaketa. Ekimen horren bitartez wikilari berriak lortu dira gutxi garatutako gaiei hel ziezaieten; hala nola, Afrikako historia, elikadura, emakumeen historia edo giza sexualitatea. Parte hartu duten wikilarien artean sariak zozketatu dira, eta emaitza bikainak lortu dira. Dinamika honen bitartez 817 artikulu berri sortu dira, 275.868 hitz eta 1.405 irudi berri gehituz, eta 4.047 erreferentzia sortuz. Uztail-abuztuko lehiaketa bi hilabetekoa izango da, eta munduko hiriak da gaia.

Wikipedia mundu zabaleko 300 hizkuntzatan argitaratzen da eta, artikulu gehien dituzten hizkuntzen artean, 31. postuan dago euskara 2018an, iaz zegoen postu berean. Hala ere, kalitateari dagokienez hiru postu igo ditu eta 52. postuan dago gaur egun.

Erantzun

Sartu