Teknologia albisteak

Donibane jaiarekin lotutako emakumezkoen hiru dantza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-25 : 13:06

Asteburu honetan euskarazko Internet eremuetan ikusi ditugun irudietatik, hiru adibide lotune batekin: emakumezkoen hiru dantza San Juan edo Donibane jaiarekin lotuak. Bi tradizionalak (Urdiaingo Kantaita eta Lekeitioko Eguzki-dantza), eta bestea berria (Egiako sorginen dantza), agian tradizio bilaka daitekeena.

Donostiako Egia auzoan egin zuten sorgin dantza lehen aldiz: Egiako Lilatoi taldeak deiturik, "sorgin dantza" antolatu zuten San Joan bezperan, auzoko plaza batean sua piztu aurretik. 180 emakumezkok egin zuten dantzan, eta Ekhi Atorrasagastiren txioko bideo laburrak erakusten duen bezala, eragindako inpresioa sekulakoa da.

Ohitura zaharrago bat, Urdiaingo Kantaita dantza eta abestiarena da. Uzta ona izateko bertso batzuekin laguntzen da herriko emakumeek zirkuluan egindako dantza hau. Hona dantzari gazte batzuei Guaixe agerkariak egindako elkarrizketa bat, eta bideoa, Guaixerena hau ere:

Lekeition berriz, Eguzki-dantza da ohiko tradizioa, urte askoan San Pedro egunez ospatu dena, baina egun horretan Kaxarrankak ospea hartu duenez, bere jatorrizko datara mugitu dutena, San Juan egunera. Dantza hiru aldiz dantzatu ohi zen San Juan eguneko jai handian, eguzkia irtetean, eguzkia puntu gorenean zegoen garaian eta eguzkia ezkutatzean. Surten egindako lehen dantzaldian herriko talan egin zuten, itsasoari eta eguzkiari begira 6.30etan, eta une horren argazkiak ederrak egin zituen Kattalin Agerrek.

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago