Microsoft enpresako langile talde batek eskatu du bere enpresak kontratuak etetea AEBetako inmigrazio erakunde ofizialarekin. AEBetako mugan etorkinen familietan nagusiak eta seme-alabak banantzen dituen erakundea ICE da, Immigration and Customs Enforcement, eta Microsoft-en bezeroa da. Satya Nadella Microsoft-eko buru eta indiar etorkinak erantzun die gutunez langile guztiei Microsoft-ek ez duela kolaboratzen prozesu honekin, baina langileak ez daude komentzituta.
Urtarrilean, prentsa oharra kaleratu zuen Microsoft-ek, AEBetako hainbat gobernu-erakunderekin kontratua egin zuela zenbait zerbitzu eskaintzeko. ICE erakundea espreski aipatua dago, "aurpegi ezagutza eta identifikazio" helburuekin lotuta, gainera.
Maiatzetik, ICE politika berria ari da aplikatzen, Trump-en administrazioaren erabakiz: muga igarotzen duten etorkinak atxilotzean, ez dituzte "etorkinen zentroetan" sartzen, baizik eta zuzenean kartzelaratzen dituzte, delitua egin dutelakoan, eta zeharkako ondorio gisa (edo apropos pentsatuta, beharbada, disuasio neurri gisa), seme-alabengandik bereizten dituzte, eta adingabeak atxilotze-zentro berezietara doaz. "Kontzentrazio eremu", deitzen diote zentro horiei politika honen kontrakoek.
Haurrak banatu eta atxilotzeko politika jakin denean, AEB-tako esparru askotan hasi dira protestan. Micrsoft-eko langile talde batek 100 enplegatuk sinatutako gutuna bildu zuen. Zera zioten gutunean: "Uste dugu Micrsoftek jarrera etikoa erakutsi behar duela, eta familiak eta haurrak hobetsi, irabazien gainetik. Eskatzen dugu Microsoft-ek eten ditzala ICE-rekin dituen kontratuak, eta baita ICE-ren zeregin hau zuzenean laguntzen duten beste erakunde batzuekin dituenak."
Gutunari Microsoft-eko buruak erantzun dio, Satya Nadellak, berau Indiako hegoaldean jaiotako etorkina. Linkedinen argitaraturiko nagusi jaunaren gutunean, Nadellak politika berria gaitzesten du, eta dio Micrsoft-ek ez duela familiak banantzeko inongo proiektutan parte hartzen. Bere hitzetan, ICE-ri ematen zaizkion zerbitziak, "lainokoak" dira, eta zerikusia dute bakarrik aspaldiko sistemen mantentzearekin, zehazki e-posta, egutegi-kudeaketa, mezularitza eta dokumentu kudeaketa.
Dirudienez, protesta egin zuten langileak ez dira oso pozik geratu. Nadellak ez du aipatzen urtarrileko mezua, eta aipatzen dituen "zerbitzu" zerrendan ez dago, ebidenteki, "familiak zatitzea", baina dokumentu-kudeaketa eta e-posta, nola edo hala, ICE-ren eguneroko jardunaren parte izan behar dira, eta une honetan, familiak banantzen ari badira, dokumentuekin eta e-postarekin jardun beharko dute langintza zikin horren antolakuntzan.
Erantzun
Sartu