Teknologia albisteak

Musically: pre-nerabeen tresna horretan ere dirua egin daiteke (eta nola!)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-11 : 14:53

Musically nerabe eta pre-nerabeen artean oso modan dagoen aplikazioa da. Musika puska labur baten gainean lypsinch, karaoke edo dantza ekitaldi laburtxo bat egin, eta lagunen artean konpartitu. Influencer gazteak dirua egiten ari diren terrenoa ere ba omen da, youtuberren mailan edo areago.

Hemen Musical.ly-ko adibide non, bide batez, une honetako beste moda batekin topo egingo dugun (motxiladun umearen dantza).


Baina aplikazioak lortu duen ospe eta zabalkundearen neurria espero ez genuen esparru bateraino iritsi da: nerabeak milaka euro irabazten, gurasoek ezer jakin gabe. Marcasfera marketing enpresako Alejandro Rivasek kontatu du Twitterreko hari honetan. Zera da koxka:

Marka jakin batek 11-15 urte arteko demografia batera iritsi nahi zuen bere produktuekin, eta sare sozialetan influencer diren horietako batzuk erabili nahi zituen (influencer: eragile, baina ez Euskal Herrian erabili ohi dugun zentzu horretan, baizik eta sare sozialetan dituzten jarraitzaileengatik mezu jakin bat zabaltzeko gauza diren horiek).

Adin horretara nola iritsi? Youtuberren merkatua garestiegi zegoelakoan, eta ez telebista ez Facebook demografiatik oso urruti zeudelakoan, Musical.ly aplikazioan fijatu ziren, milioika nerabe kantuekin jokoan, eta "izar" batzuk ehundaka mila jarraitzailerekin. Horietako batzuengana jo zuten, Espainiako merkatukoak, 200.000 jarraitzailetik gora zeuzkatenak, eta azaldu zieten nola produktu bat "kokatu" nahi zuten. Musicallyko izar horietako batek, 12 urtekoak, PDF konpleto batekin erantzun zien, segun nolako kokapena eta emaitzak, halako tarifak.

Mutilaren proposamen eta tarifak ontzat emanez, Marcasfera prest agertu zen kontratua egiteko Musicallyko nerabearekin, eta nagusi baten izenpea eta fakturazio datuak eskatu zizkioten. Eta horra sorpresa: mutikoak bere kontu propioa darama, Paypal bidez kargatzen ditu irabaziak, eta inportanteena berarentzat da bere aitak ezer ez jakitea. Nonbait, mutilak datu faltsuekin irekitako Paypal bat dauka, eta ezin du dirurik bertatik mugitu, baina bai sareko erosketak Paypal kontura kargatu... Itxura batean, aitak baino gehiago irabazten zuen mutilak horrela, berak aitortuta.

Marcasferak ez omen zuen jarraitu kontratuarekin, bezeroak interes bizia izan zuen arren. Mutilari dagokionez, bi urte igaro dira, eta oso aktibo jarraitzen du Musicallyn. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, hemen uzten zaitugu Musical.ly-ko beste bideo batekin:

Erantzun

Sartu