Teknologia albisteak

Microsoft berrindartuta, munduko 3. konpainiarik handiena da, Googleren aurretik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-01 : 10:05

Teknologia berrien mundua 3 konpainia handik menderatu izan dute azken urteotan: Applek, Amazonek eta Googlek. Euren eskutik etorri izan dira azkenaldian berrikuntzarik handienak eta horiek dira mundu mailan erabiltzaile gehien biltzen dituzten konpainiak. Hala ere, erdi-hilda zegoen arerio bat berpiztu dela ematen du. Joan zen mendeko lehiakide bat, azkenaldian erabat berritu dena eta Interneteko "erraldoien" arteko borrokan jarraitu nahi duena: Microsoft. Aste honetan, aspaldiko partez, Google gainditu du berriro balorazioan

Microsoft izan zen XX. mendeko enpresa teknologiko garrantzitsuenetako bat. Windowsi esker ordenagailuen mundua goitik behera menperatu zuen hainbat hamarkadatan zehar, eta enpresa teknologikorik handiena bilakatu zen, besteak beste, IBM eta Apple-rekin batera. Horren ondorioz, bere sortzaile Bill Gates izan da munduko pertsonarik aberatsena hainbat eta hainbat urtez.

Azken urteotako aldaketa teknologikoen ondorioz, eta gehienbat smartphoneen zabalkundearekin batera, Microsoft indarra joan da galtzen eta Teknologia Berrian mundua 3 konpainia handiren esku egon da azken urteotan: Amazon, Apple eta Google. Bazirudien Microsoft XX. mendeko zoonbie bat besterik ez zela, hilzorian zegoen dinosaurio zahar bat,... baina ez. Duela 5 urte Microsofteko arduraduna aldatu zutenetik eta gidaritza Satya Nadellak hartu zuenetik, enpresaren balioa bikoiztu egin da eta aste honetan Google gainditu du balorazioan

Microsfoten balorazioa 753.000 milioi dolarretakoa da, Googleren 739.000 milioi dolarreko balorazioaren gainetik (Applek 923.000 milioi dola; Amazonek 782.000 milioi dolar). 2012an gainditu zuen lehenengoz Googlek Microsoft eta 2015etik beti izan da gainetik. Aste honetara arte. 

2012ko krisi egoera hartan hartu zuen gidaritza Satya Nadellak eta harrezkero Microsoftek barren-barreneko birmoldaketa bat ezagutu du. Enpresa ez da Windows softwarean oinarritzen, eta alde batera laga du smartphoneen lehia (Windows Phonerekin izandako porrotaren ostean). Adimen Artifizialean, lainoko zerbitzuetan eta konputazio kuantikoan jarri ditu Nadellak indar guztiak, eta etekinak ateratzen hasi direla ematen du. 

Esan bezala, azken bost urteotan irauli egin du enpresaren dinamika Nadellak. Enpresaren balorazioa bikoiztu egin da (bakarrik azken urtean %40 igo da bere kotizazioa burtsan). Irabazien jatorria dibertsifikatzea lortu du, gainera, Microsoftek. Garai batean Windowsen oinarritzen bazen, gaur egun hainbat iturritatik edaten du. Ez, ordea, Applek eta Googlek, oso sarrera zehatzak dituztenak, Appleren sarreren %60 iPhone salmentatik dator eta Googleren %90 publizitatetik. 

Microsoft itzuli dela, alegia.

 

................

Argazkia: TheVerge.

Erantzun

Sartu