Teknologia albisteak

Garraio publiko gehiena doakoa izango da Estonian uztailetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-05-31 : 09:44

Estonia izango da munduko lehenengo herrialdea doako garraio publikoa eskainiko duena. Salbuespen batzuekin, baina uztailaren 1etik aurrera Estoniako autobus eta tren publiko guztiak doakoak izango dira bertako herritarrentzat (eremuaren arabera aldatu egingo dira baldintzak). Dagoeneko ere mundu mailan aitzindari dira estoniarrak garraio publikoaren alderdian. 2013az geroztik, Tallinn hiriburuko garraio publiko guztia doakoa da bertako biztanleentzat. Uztailetik aurrera, eredu hori lurralde osora zabaltzen joango dira.

Estonia herrialde txikia da, baina aitzindari dira gauza askotan. Bere hiriburu Tallinn ere berrikuntzaren hiriburutzat jo izan da. Garraio publikoaren alorrean ere urrats sendoak eman dituzte azken urteotan eta uztailaren 1etik aurrera garraio-sistema nazionalaren zatirik handiena doakoa izango da herritar gehienentzat (eremuaren arabera eta salbuespenak salbuespen).

Duela 5 urte Tallinngo udalak erreferenduma egin zuen bertako biztanleen artean, ea garraio publikoa doakoa izan behar zen ala ez. Erabaki politiko koiuntural bat baino gehiago, herritar guztien artean adostu eta ezarri beharreko epe luzerako plangintza bat behar zela erabaki zuen Tallinngo udalak, eta babes zabalarekin hartu zen erabakia. Garraio publikoa doako bihurtzearekin batera, parkinak garestitu egin zituzten, kotxeak erabiltzea nolabait zigortuz.

Bost urteko ibilbide honetan ikusi dute hiriaren aktibazio ekonomikorako oso ekimen garrantzitsua izan dela. "Diru-sarrera txikiko hiritarrentzat neurri garrantzitsua izan da, noski, baina maila ertainetako jendea ere gehiago irteten dela ikusi dugu. Hiriko bizitza eta ekonomia aktibatu egin dira neurri honekin". Gainera, hiria askoz erosoagoa bilakatu da bertako hiritar eta bisitarientzat. Trafikoa gutxitu egin da, hiriburua berdeagoa eta osasungarriagoa da. Autoan ibiltzea eta aparkatzea garestia da, baina jendea ez da kexu, garraio sistema on eta doakoa dutelako.

Eredu horretan oinarrituta, eta beste eskualde eta hiri batzuetako herritarrek eskatutako, uztailetik aurrera Estonia osora hasiko dira hedatzen doako garraio publikoa. Galesen ere antzeko ereduak probatzen hasi dira (batez ere asteburuetan), baina Estonia izango da hain neurri zabala hartuko duen lehenengo herrialdea. Salbuespenak izango dira (bisitariek ordaindu egin beharko dute garraioa, eta bertako hiritar guztiek ere ez dute garraio guztia doako izango), baina bidai gehienak doako izango dira uztailaren 1etik aurrera. 

Mugikortasunaren demokratizazioa deitzen diote. Aldaketa klimatikoaren aurkako neurri handia ere bada. Hiri bizigarriagoak sortzeko urrats sendoa ere bai. Estonia, oraingoan ere, aitzindari.

 

......................

Argazkia: Popupcity.net.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago