Teknologia albisteak

Toribio Echevarria Sarien 28. edizioa martxan, berrikuntza teknologikoagatik nabarmentzen diren ekimen sortzaileak saritzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Eibarko Udala
2018-05-17 : 08:11

Berrikuntza teknologikoagatik bereziki nabarmentzen diren ekimen sortzaileak saritzen dituzten Toribio Echevarria Sariak aurkeztu dituzte. Irabazleek 10.500 euroko diru-saria jasoko dute, laguntza, aholkularitza eta prestakuntzako programetarako sarbideaz gain. Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 11n amaituko da eta sari-banaketako ekitaldia uztailaren 18an izango da, goizeko 11etan, Tekniker Fundazioaren eraikinean.

Toribio Echevarria Sariak Euskal Autonomia Erkidegoko ekimen sortzaileak aintzatesteko eta haien sustatzaileei beren jardueraren hasieran laguntzeko sortu ziren, eta ideia eta proiektu ekintzaileen EAEko lehiaketa nabarmena bilakatu da. Sari horien helburua da proiektu ekintzaileen ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-ahalmena, sormena eta enpresa-garapena sustatu eta aintzatestea, berrikuntza teknologikoa bereziki azpimarratuta.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako gerenteak atzo aurkeztu zuten deialdi berri hau Eibarko Udaletxean. Toribio Echevarria Sariak duela 28 urte sortu ziren, eta helburu dute oinarri teknologikoko ideia eta enpresa berritzaileak garatzea, kalitatezko enplegua sor dadin erraztea, enpresetan berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta ekintzailearen figura baliaraztea.

Bi kategoria: “Enpresako ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”

Sariak bi kategoria hauetan biltzen dira: “Enpresako ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”. Horietako bakoitzak 10.500 euroko diru-laguntza du, eta aukera ematen du laguntza, prestakuntza eta aholkularitzako programetan sartzeko. Era berean, beste bi sari daude garapen teknologikoan edo nazioartekotze-prozesuan laguntza behar duten ekimenetara zuzenduta.

Edizio honetan, gainera, bi sari berezi emango dira, bakoitza 5.250 €-koa. Sari horiek zuzenduta egongo dira Enpresako ideiak/proiektuak eta Enpresa berria kategorietan proiektu irabazlea edo finalista duten Eibarko ekimenetara. Eibarko Udalak ematen duen sari berezi horren helburua da udalerrian enplegua eta jarduera berritzaileak sortuko dituzten enpresa-proiektuen garapena bultzatu eta aintzatestea.

Sariketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuetan 38 milioi euro inguru inbertitu dira, baita 750 lanpostutik gora sortu ere (gehienak kualifikazio handikoak).

Aurtengo sari-banaketako ekitaldia datorren uztailaren 18an izango da, goizeko 11:00etan, Tekniker Fundazioaren eraikinean. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimen honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak. Halaber, lankide dira ere Gipuzkoako Bazkundea, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteak.

 

.................

Argazkia: Toribioechevarria.com (2017ko saridunak).

Erantzun

Sartu