Teknologia albisteak

Multipantaila bihurtu gara, baina oraindik ere telebista-pantailan kontsumitzen ditugu ikusentzunezkoak, Netflixen datuen arabera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-05-09 : 10:44

Netflixek bere zenbait estatistika banatu ditu. Horien artean, pelikulak ikusteko orduan erabiltzaileek zein pantaila mota erabiltzen duten gehien. Emaitza argia da: multipantaila bihurtzen ari garen arren, oraindik ere telebista telebista da. Adin batetik gorakoentzat, bederen.

Albiste honetakin batera argitaratzen dugun grafikoa aski argigarria da. Netflixen izena emateko orduan erabiltzaile gehienek ordenagailua eta mugikorra erabiltzen dituzte; eta hasierako fasean, pelikulak mugikorrean ikusteko aukera "zoragarriarekin" txundituta, edukia PC/telefonoan kontsumitzen hasten gara (lehen hilabeteko ikustaldien %50 inguru). Baina lehenengo hilabeteak igaro ondoren, gehienok aspertu gara aukera "zoragarri" horretaz eta kontsumoaren %70 telebista pantailaren bidez gertatzen da.

Erabilera hori beste plataforma batzuetara ere hedatu daiteke. Youtubek emandako datuen arabera ere, eta nahiz eta jatorriz PC/mugikorretarako pentsatutako plataforma bat izan Youtube, bere kontsumoaren %50a baino gehiago telebista pantailetan gertatzen da dagoeneko. Datu "logikoak" dira, azken batean. Multipantaila bihurtzen ari garen arren, oraindik ere adin batetik gorakoentzat telebista telebista dela, alegia. Ikusteko dago, ea belaunaldi berrienek, umetatik bideoak mugikorrean kontsumitzera ohituta daudenek, zer nolako portaera izango duten etorkizun hurbilean.

Hala ere, garbi dagoena da, pantailen arteko transferentzia eta bateratze moduko bat ari dela gertatzen. Telebistarako sortutako edukia eta saioak gero eta gehiago ari dira hedatzen beste gailu/pantaila batzuetara (webguneen bitartez, PC zein mugikorretarantz); eta, aldi berean, jatorriz sarekoak diren plataformak (Netflix eta Youtube, adibidez), gero eta gehiago ari dira bideratzen telebista bidezko kontsumorantz. Merkatu eta ohitura berrietan sortzen diren lehen faseetako egokitzapenak, alegia. To be continued.

Erantzun

Sartu