Teknologia albisteak

Kultur kontsumoaz jardunaldia: ''Zenbat gara? Nondik jo?'

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-05-09 : 12:07

Siadeco ikerketa elkarteak Elkar argitaletxearentzat egin duen ikerketa sakonak neurria jarri dio euskal kulturaren kontsumoari. Datu horiek zer dioten xeheago analizatzeko eta agertzen duen argazkiaren aurrean zer egin daitekeen aztertzeko hainbat aditu bilduko ditu Jakinek goiz beteko jardunaldi irekira. Maiatzaren 22an egingo da Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen.

Siadeco etxearen datuetatik ateratako ondorio nagusiena da euskaldun gehienek ez dutela euskarazko kultur edukietara jotzen. Bateko eta besteko kontsumo joera eta ohitura kopuruak batuta, 200.000 laguneko kontsumitzaile eta erabiltzaile multzo bat du euskal kulturak. Euskaldunak 750.000 gara, aldiz. Beraz, lau euskaldunetatik batek kontsumitzen du euskal kultura. Datua ez da ona, baina ona da hobetzeko eremu handi bat duelako, baldin eta politika, ekintza eta diskurtso egokiekin asmatzen bada. Jakinen auzi nagusienetako bat da kultura eta sarritan aztertu du bere monografikoetan eta antolatu izan dituen jardunaldietan.

Datu horiek zer dioten xeheago analizatzeko eta agertzen duen argazkiaren aurrean zer egin daitekeen aztertzeko hainbat aditu bilduko ditu Jakinek goiz beteko jardunaldira. Horretarako Josu Amezaga soziologoak, zeinak urteak daramatzan euskal kulturaren garapena ikertzen, inkesta berriaren gaineko irakurketa egingo digu. Ondoren lau aditu eta aritu bilduko ditugu mahaiaren bueltan: Elkar argitaletxeko arduradun Olatz Osa, Gorka Arrese  editorea, Arantxa Iturbe kazetari eta idazlea eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea. Iñigo Astiz kazetariaren gidaritzapean euskal kulturaren egoeraren ezaugarriak, arrazoiak eta aurrerabideak marraztuko dituzte.

Jardunaldia Martin Ugalde Kultur Parkean egingo da maiatzaren 22an eta irekia izanen bada ere, aldez aurretik izena ematea eskertuko da HEMEN edo arazorik izanez gero, hona idatziz: jakin@jakin.eus helbidera.

Egitaraua

  • 9:15 Ateak zabaltzea.
  • 9: 30 Agurra Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.
  • 9:40 Josu Amezaga EHUko irakasle eta soziologoak datuen gaineko azterketa egingo du.
  • 11:00 Kafea.
  • 11:30h Mahai-ingurua (gidari, Iñigo Astiz kazetaria):
    • Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea.
    • Olatz Osa, Elkar argitaletxeko arduraduna.
    • Arantxa Iturbe, idazlea eta Euskadi Irratiko kazetaria.
    • Gorka Arrese, editorea.

Erantzun

Sartu