Teknologia albisteak

Hemen da Gmail berritua, seguruagoa eta erabilterrazagoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-26 : 12:36

Aspaldi ari ziren iragartzen, baina atzo argitaratu zuen Googlek bere Gmail berritua. Seguruagoa, itxura berriarekin eta erabilterrazagoa. Halaxe iragarri dute. Oraindik ez zaie zuzenean aplikatzen erabiltzaile guztiei, baina dagoeneko testeatu dezakezu, hala nahi baduzu. Lehen begiratuan nahiko antzekoa da (egitura eta itxura aldetik), baina teknikoki aldaketa handi samarrak dakartza eta feature/aukera berri mordoxka bat ere badakartza.

Oraindik ez zinen ohartuko, beharbada, baina Gmail erabiltzailea baldin bazara dagoeneko aukera duzu Gmail berria probatzeko. Ezarpenetara sartu eta hantxe aurkituko duzu aukera berria, "Probatu Gmail berria". Oso erraza da:

  1. Sartu Gmailen eta klikatu eskuineko aukeren borobiltxoan.
  2. Aukeren artean lehenengoa da Probatu Gmail berria. 

Bista ezberdinen artean hautatzeko aukera eskaintzen dizu eta, gustatu ez bazaizu, itxura zaharrera itzultzekoa. Egun batzuk iraungo ditu proba edo trantsizio fase honek, Googlek erabiltzaile guztiei itxura berria ezarri arte.

Berrikuntzen artean pare bat kontu azpimarratu ditu Googlek. Batetik, segurtasunarena, eta horretarako berrikuntza batzuk aplikatu ditu Gmailek. Bestetik, orain gauza gehiago egin ditzakegula Gmailetik irten gabe ere: irudiak eta bideoak ikusi, agenda kudeatu, eta abar. Gainera, beste feature berri mordoa ere gehitu dizkiote erremintari (Teknopataren txokoak egin du errepaso zabala). Berrikuntza, gehienbat, ordenagailuan atzemango duzu; telefonoan ez omen da larregi aldatuko.

Gmailen eguneraketa honek berehala izan du oihartzuna sarean eta iruzkin interesgarriak aurkituko dituzu teknologia berrietaz arduratzen diren hainbat webgunetan, besteak beste, The Verge, Digital Trends, Engadget,... baita euskaraz ere, Joxe Teknopatari esker.

Eta, gogoratu, Joxek aipatzen duen moduan: behin ezarpenetara sartuz gero, eta oraindik ez badaukazu Gmail euskaraz, oraintxe duzu aukera Gmail euskaratzeko. Googlek bere zerbitzurik gehienak eskaintzen ditu gure hizkuntzan. Gure esku dago aukera horiek erabiltzea. Interneten ere, oso garrantzitsua baita Lehen hitza euskaraz egitea!

 

Erantzun

Sartu