Googlek bere jostailu berria aurkeztu berri du (oraindik Estatu Batuetan bakarrik erosgai): Google Clips izeneko kamera bat da. Soinean eraman dezakezu, eta zure inguruan gertatzen dena grabatzen joango da. Baina ez GoPro batek egiten duen bezala, den-dena grabatuz inolako irizpiderik gabe, baizik eta unerik interesgarrienak aukeratuz eta gordez. Hori bai, dena automatikoki. Kameraren algoritmoak erabakitzen du zeintzuk diren une "interesgarri" horiek eta horiexek dira grabatzen dituenak. Horrela, etenik gabe, zure bizitza osoa grabatu arte, modu automatikoan. Alde ala kontra? Ba, horixe ;)
Gaur egun guztiok daramagu kamera bat patrikan, smartphonea, alegia. Eta GoPro kamerak ere gero eta ohikoak dira hainbat unetan, esate baterako, kirol jarduera askotan (txirrindulan, eskiatzean, eta abar). Baina Google Clips beste zeozer da. Aldean eramateko trepetxua da, smartphonea bezala, eta beti adi dago, GoProa bezala, baina kamerak berak erabakitzen du noiz ari zaren bizitzen une "gogoangarri" bat, eta orduan aktibatzen da, automatikoki. Horrela, egunean zehar bizitzen ari zaren une oro grabatu eta gordeko dizkizu. "Capture more of your favorite moments with Google Clips", iragarri dute garatzaileek. Zure bizitza osoa grabatuta, alegia.
Urrian aurkeztu zen egitasmoa (eta GoProren akzioak automatikoki jaitsi ziren); oraingoan jada salgai dago, oraingoz Estatu Batuetan bakarrik.
Kamera eramangarria da, ez oso handia (baina ezta txiki-txikia ere, ezkutuan eramateko modukoa). Paparrean edo edonon kateatuta eramateko dago pentsatuta; nahi bada, baita mahai gainean edo altzari baten gainean kokatzeko prestatua ere bai. Eta, esan bezala, argazkiak eta 10-15 segunduko bideotxoak grabatzen ditu etengabe, modu automatikoan.
Algoritmo baten bidez aktibatzen da (New York Timesek azaltzen du zelan). Hau da, kamerak berak erabakitzen du zein den une egokia argazkiak ateratzeko. Pertsonak lehenesten ditu, eta baita txakur eta katuak ere; irriparreak eta mugimenduak ere lehenesten ditu, eta jarduera interesgarri batzuk ere identifikatzen (eta grabatzen) ditu. Aurpegietan jartzen du arreta handiena eta bereizmen handiko irudiak grabatzen ditu. Jasotakoarekin bideo laburrak sortzen ditu, ondoren Smartphonean (edo edozein pantailatan) ikus ditzakezunak.
Zure bizitza osoa grabatuta, editatuta, gordeta eta pantailara igorria. Lifestreaming totala.
Auskalo "esperimentu" honek nolako arrakasta duen eta zein ibilbide egiten duen. Baliteke urte bete barru inor ez gogoratzea honetaz (antzeko beste hainbat gadgetekin gertatu den legez), baina beldur gara etorkizuna ez ote doan horrantz. Dena grabatzera, gure eguneko 24 orduak grabatuta eta online izatera, gure mugimendu txikiena ere gailuren batek harrapatuta egotea. Bestela ere horrela ari da gertatzen, gero eta gehiago, kalean eta eraikinetan dauden kameren bidez. Smartphoneak ere hortxe daude, une oro gaude kamera baten aurrean. Oraingo hau beste urrats bat besterik ez da. Etorkizun zoragarri bezain beldurgarria irudikatzen du. Bestalde, dagoeneko dena grabatzen badugu, ez ote da hobeto grabazio hori automatikoa izatea? Gu unea bizitzeaz arduratzea, kameraz arduratu gabe?
Intimitatea? Legea? Premia? Balioa? Galdera asko mahai gainean. Galdera asko, haizeak eraman ditzakeenak,... ala ez.
Erantzun
Sartu