Teknologia albisteak

Euli arrek plazerra sentitzen dute eiakulatzean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-20 : 10:33

Sexua zein neurritan da instintiboa animalietan? Espeziearen bizi-iraupena ziurtatzeko genetikoki programatuta dagoen ekintza instintibo ekidinezina? Eta zein neurritan plazerra? Izan ere, instintiboa izan arren, "sari" bat ere jaso behar du animaliak sexura bultzatuko duena, ugalketa ziurtatuko duena. Baina animalia guztiek, baita singleenek ere, gozatzen ote dute sexuarekin? Plazerrik ba ote du arrain batek edo euli batek eiakulatzean? Horixe da ikerlari talde batek ikertu eta baieztatu duena: euli arrek plazerra sentitzen dutela eiakulatzean.  

Aspalditik da ezaguna ugaztunek plazerra sentitzen dutela sexuarekin. Dozenaka ikerketa burutu dira gai horren inguruan eta frogatuta dago xaguek, primateek eta txakurrek, adibidez, gozatu egiten dutela sexuarekin. Baina hori ez zegoen hain argi beste animalia talde batzuetan, batez ere ornogabeetan. Intsektuek ere plazerra sentitzen dute sexuarekin? Orgasmoak dituzte, nolabait esateko, kopulan? Edo sexura bultzatzen dituzten estimuluak beste batzuk ote?

Horixe izan da ikerlari talde batek aztertu duena eta emaitzak Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte. Euren esperimentuaren oinarria izan da aztertzea, ea ugalketaren zein fasetan lortzen zuen nolabaiteko plazerra ("saria", nolabait esateko, sexura bultzatzen duen arrazoia): emea gorteatzeko orduan, emearengandik feromonak jasotzean, edo esperma askatzean? Eta emaitza argia izan da: euli arrek plazerra sentitzen dute kopularen azken fasean, eiakulatzean, alegia.

Laborategian gehien erabiltzen den animalia espezie bat erabili dute horretarako, ozpin-eulia (Drosophila sp.). Euliak genetikoki eraldatu zituzten, ondoren argia erabiliz neurona batzuk aktibatu ahal izateko eta plazerra adierazten duten erantzunak neurtu ahal izateko. Eta bai, baieztatu zuten euli arrek plazerra sentitzen dutela esperma askatzean. Emeak ere erabili zituzten esperimentuan zehar, baina aztertu duten neuronak (CRZ) bakarrik arraren eiakulazioan hartzen du parte. Orain emearen "saria" zein den aztertu nahi dute ikerlariek, ea emeak zein arrazoi duen sexua izan nahi izateko, non eta nola aurkitzen duen plazerra ugalketa prozesuan.

Esperimentuaren nondik norakoa zehatzago ezagutu nahi baduzue, ikertaldeak argitaratu duen artikuluan daukazue, edota azalpen dibulgatiboagoak National Geographic-en webgunean azaldu dute.

 

.................

Irudia: Wikimedia Commons.

Erantzun

Sartu