Teknologia albisteak

Informatikari Euskaldunen Bilkura 2018, izen-ematea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia
UEU
2018-04-17 : 09:10

Informatikari Euskaldunen XI. Bilkura izango da datorren maiatzaren 17an, osteguna, Donostian. Aurtengo gaia Burujabetza teknologikoa izango da eta dagoeneko ireki dute izena emateko epea. Doakoa da baina izena eman behar da

Donostiako Teknologia Elkartegian izango da hitzordua datorren maiatzaren 17an. 1996an izan zen bilkura hauen lehen edizioa, eta handik hona beste hamar ekitaldi antolatu dira. Emaitzak arrakastatsuak izan dira, batez beste 125 pertsona baino gehiago bildu izan dira jardunaldi bakoitzean, informatikarekin lotura duten hainbat arlotatik etorriak: irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak nagusiki. Azken ekitaldian 200 lagunetik gora izan ziren jardunaldian parte hartu zutenak, ekimen honen erreferentzialtasuna azpimarratuz.

Dagoeneko ireki da izen-ematea; Bilkura doakoa da (bazkaria 15 euro).

Aurtengo ekitaldia Burujabetza Teknologikoaren ingurukoa izango da. Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB), teknologia horien inguruko eztabaida martxan jartzeko gune paregabea dela deritzogu. Urteetan izan da eztabaida honetan zeresana duten entitate guztien bilgune; instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta akademiaren bilgune hain zuzen ere eta aurtengoan, berriro ere bil daitezke burujabetzaren oinarri izan daitezkeen proiektuei buruz hitz egiteko eta teknologia horien ideazio eta ezarpenerako bideak aztertzeko, lau ardatzetan antolatuta:

  • Azpiegitura teknologikoak eta komunikazio burujabetza;
  • Hezkuntza teknologikoa eta teknologia hezkuntzan;
  • Segurtasuna eta pribatutasuna
  • Ezinbesteko softwarea herri eta herritar burujabeagoak izateko

Gainera, aurtengoan, IEB ekitaldiaren amaieran Euskarazko III. Internet Eguna ere ospatzeko aprobetxatuko dugu, PuntuEUS Fundazioaren eskutik. Egitarau osoa eta informazio osagarria UEUren webgunean duzu. IEB2018 blogean ere jarraitu ahalko dira azken berriak.

Hemen 2015eko ekitaldiko laburpen-bideoa.

 

Erantzun

Sartu