Teknologia albisteak

Googlek bakarrik webguneen bertsio mobila erabiliko du webguneak indexatzeko orduan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-12 : 08:53

2016ko urria historikoa izan zen Interneten ibilbide laburrean: hilabete hartan, lehenengoz, mundu mailan, web orrialde gehiago ikusi ziren mugikorretatik ordenagailuetatik baino. 2018ko apiril honetan ere albiste garrantzitsua daukagu: Googlek erabaki du webguneen bertsio mugikorra bakarrik erabiliko duela hemendik aurrera webguneak indexatzeko eta posizionatzeko. Future is mobile esaten genuen duela urte batzuk. Tira, etorkizunean gaude jada.

Etorkizuna mugikorra da, garbi dago. 2020. urterako Interneteko trafikoaren zatirik handi-handiena mugikor bidez egingo da, eta ez ordenagailuetatik. Gaur egun ere halaxe da, neurri batean, webgune askotan. Dagoeneko webgune gehiago bisitatzen ditugu gure sakelekoa erabilita, gure ordenagailu "xaharra" erabilita baino. Googlek joera hori "ofizialdu" du, nolabait esateko. Duela egun batzuk adierazi zuenez, apiriletik aurrera webguneen bertsio mugikorra erabiliko du (eta ez PC bidez ikusten dena) webguneak indexatzeko. Hau da, Googleren robotek begiratuko dute ea webgune bat nola ikusten den telefono batean, zer eduki erakusten duen, nola dagoen antolatuta, eta abar. Eta horren arabera indexatuko ditu eta posizionatuko ditu webguneak bere bilatzailean.

Oraindik ez ei du webgune guzti-guztiekin egingo, baina apurka-apurka bere indexazio-lan guztia horrantz bideratuko du. Trafikoaren zatirik handiena mugikor bidezkoa duten webguneetatik hasiko da, eta ondoren besteetara zabaltzen joango da.

Orain arte ere, azkenaldi honetan, Googlek garrantzi handia eman dio webguneen bertsio mugikorrari (responsive izatea, mugikorretara ondo egokitzea, eta abar), baina hemendik aurrera bakar-bakarrik bertsio mugikorra hartuko du aintzat bere indexazio eta posizionamendu lanetarako.

Jakin badakigu Googleren eragina zenbatekoa izan ohi den Interneteko joera eta ezarpenetan, eta garbi dago epe ertainera erabaki honek are gehiago handituko duela webguneak mugikorretarako ondo prestatuta egotea eta mugikor bidezko nabigazioa gero eta errazagoa eta samurragoa izatea. Gainera, Googlek berriro azpimarratu du zein garrantzitsua den webguneak arinak izatea eta aurtengo udatik aurrera penalizatu egingo ditu webgune motelak, pixu handia dutenak eta abiadura gutxikoak direnak, alegia.

 

.............

Irudia: Pinngle.me.

Erantzun

Sartu