Teknologia albisteak

Txikipedia: Umeentzako euskarazko entziklopedia txiki eta askea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-11 : 09:14

Euskal Wikilarien Elkarteak bere azken proiektua aurkeztu du, Txikipedia. Euskarazko Wikipediaren barruko egitasmoa, 8-13 urte bitarteko umeentzako euskarazko entziklopedia txiki eta askea da Txikipedia. Hemendik aurrera, ikasle eta irakasleen parte-hartzea izatea espero da, bai egitasmoa hedatzeko zein edukia gehitzen joateko.

Euskarazko Wikipediak atal berria dauka, Txikipedia, 8-13 urte bitarteko umeentzako entziklopedia bat, adin-tarte horretarako egokituta, gaien aldetik zein lexiko eta sintaxi aldetik. Hizkera bereziki zaindu da 8-13 urteko haurrentzat egokituz, testuak irakurterrazagoak eta ulergarriagoak izan daitezen. 

Neurri handi batean, haurrek eskolan dituzten beharretan laguntza izateko asmoz jaio da Txikipedia. Izan ere, haur eta gazteen erreferentzia nagusietako bat da (nagusiena ez bada) Wikipedia, etxerako lanak egiteko orduan. Sarritan, baina, artikulu luze eta konplexuegiak aurkitzen dituzte Wikipedian (edo beste hizkuntza batzuetara jotzen dute informazio bila). Txikipedia lagungarri izango da bide horretan. 

Txikipediaren oinarrian, Vikidia izeneko online wikientziklopedia dago, euskaraz 2015ean hasi zena, eta beste hainbat hizkuntzatan ere funtzionatzen duena, hemen aipatutako helburuekin. Hala ere, helburu bakarra ez da eskolako beharretan laguntza eskaintzea, edonori euskarazko edukia modu ulergarri eta samurrean eskaintzea baizik.

Nork egiten du Txikipedia?

Txikipedia wiki proiektuan edonork parte har dezake, artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz. Horretarako kontua ireki beharra dago, baina oso erraza da. Hori bai, beti errespetatu behar dira egile-eskubideak.

Bestalde, gure asmoa da 8 eta 13 urte bitarteko euskal umeek berek ere parte hartzea Txikipedia egiten, haiek izatea interesatzen zaizkien artikuluak idazten, osatzen edo zuzentzen dituztenak, baina beti ere euren irakasleen laguntzarekin; horrela, euren ekarpena egin dezakete, eskolarako baliagarriak izan daitezkeen gaietan.

Irakaslea bazara eta proiektu bat egin nahi baduzu, idatzi hezkuntza@wikimedia.eus helbidera.

Informazio gehigarria (eta artikulu honetako informazioaren iturria eta irudia): Euskarazko Wikipedia.

Erantzun

Sartu