Teknologia albisteak

Zelan ezabatu zure Facebook kontua (edo nola ezabatu zure datuak, kontua ezabatu gabe)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-03-23 : 09:43

Cambridge Analytica enpresaren inguruko eskandaluak, zeinak lortu baitzituen 50 milioi Facebook erabiltzaileren datuak Donald Trumpen kanpainaren alde lan egiteko, eskandalu horrek erabat haserretu bazaitu, eta erabaki baduzu nahikoa dela eta ezabatu nahi duzula zure Facebook kontua, segi irakurtzen, hemen erakutsiko dizugu-eta zelan egin hori, laguntza apur barik ez baita erraza.

Ezagun izango zaizue, nola ez, egunotan Facebookek izan duen eskandalu izugarria, New York Timesek azaleratua duela egun gutxi. Laburbilduz: milioika erabiltzaileren datu pribatuak saldu zizkion enpresa bati (eta Trumpen kanpainaren alde erabili ziren). The Guardian egunkarian aurkitu ditzakezue hainbat artikulu interesgarri gaiaren inguruan, eta laburpen egokia ondorengo bideo honetan.

Nola ezabatu Facebook kontu bat 

Bada, eskandalu honen ostean, "aski da" esan baduzu, eta Facebookeko zure kontua ezabatu nahi baduzu, hementxe jarraitu beharreko urratsak. Izan ere, ez baita samurra FB kontu bat ezabatzea, zeren baldin bazoaz zure kontuaren ezarpenetara, Facebook saiatuko baita “desaktibatu” dezazun zure kontua, hori egiteak “indargabetuko baitu zure profila, eta kenduko baititu zure izena eta argazkia Facebooken partekatu dituzun gauza gehienetatik”. Hala ere, horrek ez du zure daturik kenduko Facebooken zerbitzarietatik, eta zure kontuak lo segituko du, halako batean iritziz aldatzen duzun arte (eta datuak Facebooken esku, noski). Ezarpenetan, beraz, ez dago FB kontua ezabatzeko aukerarik.

Nahi baduzu benetan ezabatu zure informazio guztia Facebooketik, benetako giltza ezkutatuta dago help edo laguntza-dokumentu batean. Hauexek dira kontua ezabatzeko urratsak:

  • Joan ondorengo laguntza-orrira: “Zelan ezabatu nire kontua behin betiko?”.
  • Klik egin eta “let us know / Jakinaraz iezaguzu” esaldian.
  • Horrek eramango zaitu benetako ezabatze-pantailara. Bertan klik egin “delete my account / ezabatu nire kontua” esaldian
  • Horrek eramango zaitu beste pantaila batera. Bertan, sartu zure pasahitza eta frogatu ez zarela robot bat, eta, voilà… zure kontua ezabatuko duzu.

Itxaron bi aste, eta orduan, azkenean, Facebook-ek 90 egun izango ditu zure datu guztiak ezabatzeko. Udarako, hor nonbait, ez da arrastorik geratuko zure Facebook kontuarena.

Informazio gehigarria The Guardian egunkariak ateratako artikulu honetan duzue, Zelan babestu zure Facebook-pribatutasuna, edo zelan ezabatu zure burua erabat.

Facebookeko zure datuak lortu (edo ezabatu), Facebookeko kontua ezabatu gabe

Beharbada, tarteko zeozer egin nahi duzu. Hau da, FB kontua ezabatu gabe (edo ezabatu aurretik) jakin nahi duzu Facebookek zure zeintzu datu dituen. Hori jakiteko aukera ere badaukazu. 

  • Facebookeko ezarpenetara joan.
  • Klikatu "Kopia bat deskargatu" aukera.
  • Facebookek ZIP bat bidaltzen dizu zure datu mordoarekin (HTML batzuk zure edukiarekin, eta beste karpeta bat irudi guztiekin).

Eta datuak horiek ezabatzeko aukera ere izango duzu ondoren, kontua erabat ezabatu gabe. Ondorengo artikulu honetan aurkituko dituzu jarraibideak.

 

...........

Goiko irudia: wccftech.com.

Erantzun

Sartu