Youtuben denetarik dago. Denetarik. Kalitate handiko bideoak eta baita zaborra ere. Alde baterako teoriak eta besterakoak. Youtubeko arduradunek esan dute guztientzat dagoela lekua euren plataforman, baina kezkatuta daudela bideo batzuen edukiarekin, gehienbat "konspirazio teoriak" eta gezurretako albisteak (fake-ak) azaltzen dituztenekin. Hori dela eta, Wikipediako informazioa gehitzen hasiko dira automatikoki "zalantzazko" izan daitezkeen bideo horien aldamenean. Adibide bat ere eman dute: gizakia ilargira ez zela iritsi dioten hainbat bideo daude Youtuben. Bada, euren azpian, automatikoki, Wikipediarako esteka azalduko da, gizakiak ilargira egindako espedizio guztien informazioarekin.
Youtubeko CEO Susan Wojcickik aurreratu zuen kontua joan zen astean SXSW jardunaldietan, Austinen (AEB). “Interneten ezagun diren 'teoria konspiranoikoen' zerrenda bat osatzen ari gara, eta gai horien inguruko bideoetan Wikipediako informazio-kutxa bat eta esteka erantsiko ditugu automatikoki", esan zuen Wojcickik.
Oraindik ez dute esan zeintzuk diren "teoria" eztabaidagarri horiek, baina bai esan dute gutxi batzuekin hasiko direla eta zerrenda hori zabaltzen joango dela gutxinaka. Youtubek ez du "gaizto" paperik egin nahi, ez du edukia ezabatzen edo zentsuratzen hasi nahi. Ez da bideorik kenduko plataformatik, bakarrik informazio "neutral eta errealagoa" erantsi bideo batzuen oinean. Horrela, Youtubek aurre egin nahi die azkenaldian jasotzen ari den kritikei, bere plataforma edozein albiste zalantzazko hauspotzeko (tartean fake-ak edo gezurretako albisteak) erabiltzen delako.
Wikipediako informazio hori kutxatxo batean azalduko omen da bideoaren azpian edo aldamenean. Gai horren inguruko informazio orokorra azalduko du eta Wikipediarako esteka ere azalduko da.
..............
Irudia: Maureen Fitzgerald (Twitter).
Erantzun
Sartu