Teknologia albisteak

Amazonek Espainian daukan banaketa-zentrorik handiena greban, martxoaren 21 eta 22an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-03-14 : 12:25

Amazonek Espainian daukan banaketa-gunerik handieneko langileek greba egingo dute martxoaren 21 eta 22an. Madrilgo San Fernando de Henaresen dagoen biltegia da geratuko dena, Espainiako handiena eta baita Europako handienetakoa ere. 2.000 langile dira eta %75ak grebaren alde bozkatu du.

Lehenago ere izan ditu greba txiki batzuk Amazonek (Italia, Alemania eta Frantziako banaketa-zentro batzuetan), baina hauxe izango da Europan antolatu den handiena, San Fernando de Henareseko (Madril) biltegia garrantzitsua baita. 1.100 langile dauzka plantilan eta behin-behineko beste 900 langile. 

Konbenio propioaren defentsan eta lan-baldintza hobeagoen alde deitu dute greba sindikatuek. Amazonek azken urteotan izan duen igoera izugarria ez dute igarri langileek euren lan-baldintza eta soldatetan. Gainera, 2015ean izenpetutako konbenioa ez du berriztu nahi Amazonek; ordu extren prezioa murriztu nahi du; eta espezialisten lanpostuetako soldatak jaitsi nahi ditu. 

Amazon gorantz doan bitartean, langileen baldintzak gaiztotzen ari direla salatu du enpresa batzordeak. Langileen %75ak bozkatu du grebaren alde. 

Grebak Espainiako banaketa guztiak ipiniko ditu hankaz gora zenbait egunez. Kontuan izan Madrilgo biltegi honetatik milioi erdi bidalketa ere egin daitezkeela jarduera handieneko egunetan.

 

..........

Irudia: Phys.org.

Erantzun

Sartu