Teknologia albisteak

Sri Lankako gobernuak Facebook eta WhatsApp itxi ditu, musulmanen aurkako erasoak saihesteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-03-09 : 08:34

Sri Lankan bizi duten jazarpen etnikoa baretzeko asmoz, Gobernuak erabaki du sare sozialak ixtea. Dagoeneko itxi ditu Facebook, WhatsApp, Instagram, eta Viber. Gobernuaren esanetan, gehiengo budistako erasotzaileak sare sozialak ari ziren erabiltzen musulman gutxiengoaren aurkako gorrotoa zabaltzeko eta erasoak hauspotzeko.

Gerra zibil luzea jasan zuen Sri Lankak hainbat urtez, sinhalar budisten eta tamil hinduisten artean. Behin hura bukatuta ere baina, tentsio sozialak jarraitzen du herrialdean. Azkenaldian musulman gutxiengoa da sinhalarren bazterketa eta erasoak jasaten ari dena.

Emergentzia egoera ezarri dute azken egunotako hilketa eta erasoen ostean. Eta eraso horien harira erabaki du Gobernuak sare sozialak ixtea. Dagoeneko Facebook, WhatsApp, Instagram eta Viber itxi ditu. Izan ere, Gobernuak zabaldu duenez, musulmanen aurkako azken erasoak koordinatzeko WhatsAppa erabili zuten erasotzaileek. Itxiera egun batzuetarako izango dela iragarri dute Gobernuko bozeramaleek.

Ez da lehenengo aldia herrialde batek antzeko debekuak ezartzen dituena, eta horrelako debekuak sekulako kezka sorrarazten digute, noski, herritarron askatasunaren aurkako eraso garbia baitira. Txinan maiz gertatu izan da, eta baita Africako hainbat herrialdetan ere azken urtean zehar (Togon, Algerian, Kamerunen, Egipton, Somalian...). Itxiera gehienak Gobernuaren aurkako erasoak ekiditeko gertatu izan dira. Kasu hau, ordea, zertxobait ezberdina da, oraingo honetan gutxiengo etniko baten erasoen aurkako neurria baita sare sozialen itxiera (eta ez Gobernuaren aurka dauden haien ahotsa ixiltzeko).

Hala ere, hortxe dugu betiko kezka, noraino murriztu ditzakeen gobernu batek gure eskubideak, nahiz eta "gure onerako" den. Eta euskaldunok baditugu hainbat adibide, besteak beste, Acebes ministroak esan zuenean Egunkariaren itxiera euskaldunon eskubideak defendatzeko egiten zela. 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago