Current Biology aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batean azaldu dutenez, 1999-2015 bitartean munduko orangutanen erdia desagertu da, gehienak gizakiak zuzenean erahilda. Guztira 100.000 orangutan gutxiago daude munduan XXI. mendea hasi denetik eta, neurri zorrotzak hartzen ez badira, oraingoen erdia desagertuko da datozen 20 urteotan.
Populazioaren erdia. Borneon zeuden orangutan guztien erdia desagertu da azken 16 urteotan Borneon. 100.000 - 150.000 gutxiago, ezkutuko ehizak erahilda, palma-olio landaketa erraldoiek euren lurretatik botata, habitat galerak leku barik utzita. Gehienak gizakiak hilda.
Kontuan izan behar da orangutanak direla mundu osoan ongien ezagutzen dugun animalia espezietako bat, jarraipen sakona egiten zaiona eta kontserbazio-neurri zabalak dituena. Hori horrela izanik, XXI. mendean zehar orangutanen populazioaren erdia desagertzea izugarrizkoa da. Gainera, etorkizunera begira ere itxaropen gutxi daukate ikerlariek: hurrengo 10-20 urteotan oraingo populazioaren erdia gera liteke, 40.000 besterik ez. Gogoan izan, duela 50 urte eskas 10 aldiz gehiago zirela Indonesian bizi ziren orangutanak, 400.000 inguru.
Palma-olio landaketak dira orangutanen arazo larriena, azken bi hamarkadetan Indonesiako basoen zati izugarri zabala desagertu baita palma-olio landaketak ezartzeko. Beste etsai batzuk ere baditu orangutanak, besteak beste, meatzaritza eta papergintza. Munduko herrialde guztien artean deforestazio maila handiena duena da Indonesia, garai batean "errege" zen Brasilek baino handiagoa. Jatorrizko basoaren erdia baino gutxiago geratzen da Indonesiako uharteetan.
Erantzun
Sartu