Teknologia albisteak

AMP teknologia erabiltzen hasiko dira Gmailen (sareko edukia mezuan bertan txertatzeko)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-16 : 09:52

Email bat jasotzean, Interneteko edukiren baten esteka bidaltzen badigute, klik egin eta "sarera" joaten gara informazio hori ikustera. Googlek adierazi duenez, hemendik aurrera, Gmail-en ez da derrigorrezkoa izango jauzi hori: mezuan bertan erakutsiko dizkigute sareko edukiak, posta elektronikotik irten beharrik gabe. Horretarako, AMP teknologia (Accelerated Mobile Pages) erabiliko dute. Kode irekikoa izanik, gutxinaka beste email-zerbitzu batzuetara ere hedatuko dela pentsa liteke.

Azken urteotan garatzen ari den teknologia da Accelerated Mobile Pages (AMP) delakoa. Webgune aberatsagoak baina arinagoak eraikitzeko teknologia da. "Etorkizuneko weba" hartu du lelotzat kode irekiko proiektu honek: "The project enables the creation of websites and ads that are consistently fast, beautiful and high-performing across devices and distribution platforms". AMParen abantaila handiena abiadura da: orrialdeak berehala kargatzen dira, ti-ta.

Bada, Googlek adierazi du, hemendik aurrera bere posta-zerbitzuan ere hasiko dela erabiltzen, interneteko edukia zuzenean posta elektronikoan bertan txertatuta erakusteko. E-postak interaktiboago bilakatzeko modua izan daiteke (eta, bide batez, Googlerentzat, Gmail bera indartzekoa). Azken batean, orain arte, email bat jasotzen genuenean, eta sareko edukiren baten erreferentzia egiten zigutenean, klik egin eta nabigatzailera (edo beste aplikazio batera) joan behar izaten ginen; ondorioz, bide horretan erabiltzaile asko galtzen ziren. Aldaketa honekin, emailetik irten gabe ekintzak egiteko aukera izango dugu. Emailak interaktiboagoak izango dira, eta horrek bideratu dezake interakzio-kopurua askoz handiagoa izatea. Dena emailean bertan egin badezakegu, ziurrenik errazagoa izango da "klik" horiek egitea, erabiltzailearentzat erosoagoa izango da, eta esteka hori bidali duenarentzat (sare sozial bat, promozio bat, edo Interneteko edozein zerbitzu), klik-rate-a handitzeko aukera izango da.

Hau da, posta elektronikoak "dinamiko" bilakatuko dira, orain arte eduki estatikoak izan diren bitartean. Horri esker, esate baterako (eta Googlek emandako adibideak dira), Pinteresteko edukia emailean bertan kontsultatu ahal izango da (Pinterestera joan gabe), edo Booking-eko erretserbak ere emailean bertan itxi ahalko dira (Booking-era joan gabe). Bilera-hitzorduak adosteko edo galdetegiak egiteko ere balioko du, kasu horietan ere zuzenean email bidez. Egunero 270.000 milioi mezu elektroniko bidaltzen dira munduan; teknologia "zaharra" da, baina oraindik ere sareko teknologiarik erabilienetakoa, jakina.

Teknologia prest dago eta datozen hilabeteotan ikusi ahalko dugu Gmailen bertan. Kode irekikoa izanik, beste edozei email-zerbitzutan ere hedatuko dela ematen du, Gmailetik kanpo. Garapen-prozesua ikusteko eta txekeatzeko aukera ere badago.

 

Erantzun

Sartu