Teknologia albisteak

Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko 13 baliabide sareratu ditu, besteak beste Telefonia eta Sare Sozialen hiztegi terminologikoak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-09 : 09:25

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak erreminta sorta berria aurkeztu zuen atzo, euskararen erabilera gure egunerokotasunean normalizatzen jarraitzeko urratsak emateko", Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak aipatu zuenez. Besteak beste, Elhuyar Hiztegiaren bertsio berria aurkeztu zen eta baita sare sozialen eta telefoniaren inguruko hiztegi terminologikoak ere. Sarean aurkitu daitezke jada, lehendik ere kontsultagai zeuden beste hamaika baliabiderekin batera.

Donostiako Tabakalera zentroan atzo izandako ekitaldian egin zuten baliabide berrien aurkezpena. 13 baliabide berri dira guztira. Hasteko, euskadi.eus atariko Elhuyar Hiztegi digitalaren bertsio berritua aurkeztu dute. Han jasotzen dira hiztegiak.elhuyar.eus-eko gaztelania-euskara hiztegiko azken eguneraketak, eta datu-basearen formatua eta interfazea ere aldatu dira. Horrekin batera, Elhuyar Hiztegiaren aplikazioaren bertsio berria aurkeztu dute. 

Gainera, bederatzi hiztegi terminologiko berri ere aurkeztu dituzte (Euskaltermen daude kontsultagai). Guztien artean teknologia berriekin lotutako bi azpimarratu nahiko genituzke, Telefonia eta Sare sozialen ingurukoak, egunero suertatzen zaizkigun kezkak argitzen lagunduko digutenak. Horietaz gain, beste hauek ere txertatu dira Euskaltermen, UZEIk gidatzen duen egitasmoaren barruan: Traumatologia; Hiesa; Mendekotasuna; Garraioa eta Logistika; Azokak, Biltzarrak eta Jendaurreko Ikuskizunak; Ehiza eta Arrantza; Mineralak. 

Atzo aurkeztutako baliabideak, orain arteko beste makina batekin batera, online aurkitu daitezke.

Erantzun

Sartu