Teknologia albisteak

2000. urte aurreko Norvegiako liburu guztiak digitalizatuta eta sarean doan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-05 : 10:11

Duela 10 urte hasi zuen Norvegiako Liburutegi Nazionalak digitalizazio-lan garaua: XXI. mendera arteko Norvegiako liburu guzti-guztiak digitalizatzea. Dagoeneko bukatu du prozesua eta sarean ipini du bilduma osoa, doan eta edozein herritarrentzat eskuragarri. 2000. urtea baino lehenago argitaratutako Norvegiako liburu ia-ia guztiak dira, 500.000 liburu inguru. Milaka bideo eta audio ere digitalizatu eta sareratu dituzte.

"Dena" digitalizatu eta "dena" herritarren esku uztea, doan. Horra erronka. Duela 10 urte pasatxo ekin zion Norvegiako Liburutegi Nazionalak digitalizazio-lan ikaragarri horri eta dagoeneko online dago Norvegiako katalogo erraldoia. 

Milioi erdi liburu dira guztira eta, gainera, beste milioi bat egunkari eta aldizkari, 250.000 irudi, milaka telebista eta irrati saio,.... Azken batean, XXI. mendeko garai digitala iritsi aurretik Norvegian ekoitzitako "guztia" dago digitalizatuta eta sarean. Doan. Norvegiarrek katalogo osoa kontsultatu eta ikusi ahalko dute; atzerritik sartzen baldin bazara, muga batzuk aurkituko dituzu (eta eskaera-orriak bete behar dira eduki batzuk erabili ahal izateko). 

Esan beharrik ez dago, digitalizazio-lana luzea eta astuna izan dela (euren webgunean azaltzen dute prozesua nolakoa izan den), baina emaitzak merezi izan du, nola ez. 

Gu, bitartean, Euskal Liburutegi Nazionalaren zain...

Erantzun

Sartu