Teknologia albisteak

Afganistango sekretu militarrak agerian, soldaduek Strava aplikazioa erabiltzen zutelako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-29 : 09:52

Jakina da smarphoneak erabiltzeak gure datu mordoa uzten dituela "hodeian". Nahi gabe ere, non egon garen, zer egiten dugun, norekin gabiltzan... esaten diogu munduari, baita guk nahi gabe ere. Horrelako zerbait gertatu zaio Estatu Batuetako ejerzitoari. Izan ere, Afganistango base sekretu bateko soldaduek erabiltzen zuten aplikazio baten "erruz", kanpamendu horren posizioa eta egitura azaleratu dira. Strava da aplikazioa, entrenamenduen datuak gordetzeko erabiltzen den aplikazio ezaguna.

Pentsa zenbat arrasto uzten ditugun sarean, gure ibileren, zaletasunen eta kokapenen inguruan. Pentsa, sekretu militarrak ere azaleratu direla Strava aplikazio ezagunari esker. 

Strava oso aplikazio ezaguna da kirolarien artean. Entrenamenduen eta egindako kirol jardueren datuak gordetzeko erabiltzen da (entrenamenduak, bizikleta-ibilerak, korrikaldiak, mendi-zeharkaldiak eta abar). Aplikazio honek egindako ibilbidea gordetzen dizu, korrikaldi hori egiteko erabilitako denbora, eta abar. 

Esan bezala, Strava oso erabilia da mundu osoan, bai, baina leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Afganistan edo Siria bezalako herrialdeetan, oso erabiltzaile gutxi ditu. Horregatik, Afganistango basamortu baten erdian, dozenaka erabiltzaileren datuak agertu direnean,... berehala azaleratu da zer gertatzen zen han: Estatu Batuen base militar baten kokapena erakusten digute datuek eta mapek. Hainbat erabiltzaileren datuak gainjarriz, kanpaleku horren egitura (kaleak, sarrera-irteerak eta abarrak) ezagutzeko aukera ere izango dugu. 

Estatu batuarrena ez da izan kasu bakarra, horren hariari tiraka konturatu baitira berdina gertatzen dela beste base militar batzuekin, besteak beste, Frantziako ejerzitoak Nigerren dituen kanpalekuekin. Stravaren HeatMapean kuxkuxeatu dezakezue datu gehiagoren bila. Arkauteko kuartela ere nabarmen ageri da.

The Guardianek azaleratu dituen datuek gogoratu digute zenbat arrasto lagatzen ditugun sarean gure jardueren inguruan. Eta kontua da oso erraza izan zitekeela "hutsegite" hau saihestea, Stravako datuak pribatuan gorde daitezkeelako,... baina jakina, zertarako nahi dugu horrelako aplikazio bat, gure ibilerak mundu osora zabaltzeko ez bada!!! ;)

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago