Smartphoneek edozertarako balio dute, ia mugarik gabe. Ordenagailuen pareko dira, gauza askotarako. Beharbada, mugarik handiena memorian zeukaten; mugikorrean zaila da ordenagailuan daukagun guztia gordetzea (musika, argazkiak, bideoak, pelikulak,..). Baina muga hori ere gainditzekotan dago. Izan ere, 512 GBeko memoria daukan mikroSD txartela aurkeztu berri dute, Android telefono guztiekin bateragarria. Bide honetan, laster 1TB edo goragoko txartelak ere ohiko bihurtuko dira gure sakelekoan. Gure gustuko musika eta pelikula gehienak mugikorrean bertan gordetzeko lain.
Orain arte 400 GBekoak ziren salgai zeuden mikroSD txartelik handienak; 256 GBekoak beste marka batzuen handienak. Orain aurkeztu den honek, berriz, 512GBeko edukiera dauka Integral Memory konpainiak salgai jarri duen txartelak. 512 GB, azazkal baten neurriko txartel txiki batean.
Oso denbora gutxian, smartphoneen hedapenarekin batera, izugarri handitu dira mikroSD txartel hauen memoriak. ScanDisk eta Samsung markek ere iragarri dute 512 GBekoak saltzen hasiko direla, eta 1 TBekoak ere laster ikusiko ditugula dirudi.
Prezio aldetik, oraindik ere, garestiak. 300 euro inguruan dabiltza mikroSD txartelik handienak. Gure gustuko musika guztia eta nahi adina film mugikorrean izateko ordaindu beharreko prezioa.
...........
Argazkia: Pixabay.
Erantzun
Sartu