Teknologia albisteak

Independentistak zein unionistak, bakoitza bere artaldean Twitterren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-23 : 09:02

Arkaitz Zubiaga ikerlari euskaldunak eta Warwick-eko Unibertsitateko (EB) bere kide batzuek ikerketa egin dute sare sozialetako "sareen homofilia" testeatzeko, hau da, ea aproposa eraikitzen ditugun ingurune horietan "geure" kidekoekin gabiltzan gehiago, ala "kanpokoekin" edo "besteekin" gabiltzan. Ondorioa da homofilia handia dagoela, Gu-ta-gutarrak modeloa berrarikitzen dugula sare sozialetan. Hipotesia testeatu dute ingurunea ere interesgarria da oso: Eskoziako, Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoaren inguruko jarduna aztertu dute Twitterren.


Euskal Herriaren kasuan Twitterreko 7.410 erabiltzaile aztertu dituzte, 5.377 independentziaren aldekoak eta 2.033 unionistak. Printzipioz, joera ideologikoa a-prioriko datu baten arabera markatu dute: kontuaren kokapenaren arabera (Euskal Herria edo Espainia).

Erabiltzaileen jarduna aztertu dute (txioak, jarraitzaileak, bertxioak, atsegindako txioak), eta analisiak "homofilia politikoa nabarmentzen du, hau da, bai independentistek eta bai unionistek nahiago dute talde bereko erabiltzaileak jarraitu, bertxiotu eta atsegitea", adierazi digu Arkaitz Zubiagak Twitter bidez.

Interakzioekin osatutako irudian (artikulua ilustratzeko erabili duguna), nabarmen ageri da independentistek (urdinak) eta unionistek (gorriak) ideologia bereko jendea jarraitzen dutela gehienbat. Euskal erabiltzaile taldeak desberdintzen dituzten beste ezaugarri batzuk dira:

  1. .eus domeinuen ageroenea nabarmen independentisten artean, .es unionisten artean
  2. Twitter euskaraz konfiguratuta independentistek, gazteleraz unionistek
  3. Euskaraz txiokatu independentistek, gazteleraz unionistek.

Kataluniako eta Eskoziako kasuak ñabarduretan desberdinak dira, baina oro har "homofilia" han ere gertatzen dela ikusi dute ikertzaileek. "Garatu dugun sailkatzailearekin, erabiltzaile baten sare soziala (jarraitzaileak eta jarraitzen dituenak) begiratuta soilik, %90ean asma dezakegu erabiltzailea independentista edo unionista den", dio Zubiagak.

Warwick-eko ikertzaileek espero dute beren azterketa hau laster IEEE Intelligent Systems agerkari akademikoan agertzea.

Erantzun

Sartu