Teknologia albisteak

Beste 1.800 animalia espezie desagertzeko arriskuan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-23 : 10:47

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (UICN) arriskuan dauden animalia eta landare espezieen zerrenda argitaratzen du urtero. Azken urtean beste 1.800 espezie gehitu dituzte "galzorian" kategoria horretara eta dagoeneko 25.800 espezie dira betirako desagertzeko dauden animalia eta landareak. UICN erakundeak aztertzen dituen espezie guztien %30 mehatxaturik daude, neurririk hartzen ez bada epe laburrean desagertzeko. 2017an zerrendara horretara gehitu dira, besteak beste, koalak, pangolinak eta itsas-zalditxoak. 

2016ko zerrendarekin alderatuta, 1.800 espezie gehiago dira galzorian daudenak. 24.000 espezietik 25.800 espeziera igaro da zerrenda gorria deritzona. Habitat galera da eragile nagusia, "eta ez bakarrik herrialde urrunetan gertatzen dena, Amazonian edo Indonesian; baita gure etxe ondoan ere. Europako intsektu hegalariak desagertzen ari dira gure zelaietatik, inolako zalapartarik gabe", adierazi dute bozeramaileek.

Habitat galerarekin batera, pestiziden erabilera neurriz kanpokoak sekulako eragina dauka. Alemanian, adibidez, intsektu hegalarien %75 desagertu da azken 27 urteotan. Datu ikarragarria da, "eta ardura ez da bakarrik nekazariena; herritarrek ere ardurarik gabe erabiltzen dituzte intsektizidak euren etxeetan".

2017an zerrendan gehitutako espezie nabarmen eta ezagunenak koalak eta pangolinak izan dira. Pangolina da, mundu osoan, ezkutuko ehiza eta kontrabando maila handiena pairatzen duen ugaztuna, esate baterako. 

Elefanteen egoerak ere okerrera egin du nabarmen azken urteotan, antzeko arrazoiengatik eta bere egoera "dramatikoa" dela adierazi dute. 10.000 ale besterik ez dira geratzen Afrikan; %66 jaitsi da azken urteotan. Eta itsasoko zaldiak ere %30 jaitsi dira Mediterraneoan azken hamarkadan.

Habitat galeraren adierazle handienetako bat koala da. Koalak bizi diren baso zabalak galdu dira azken 30 urteotan Australiako hainbat eskualdetan, eta koalen populazioen %80 desagertu da inguru horietan.

Albiste onak ere bai

Zorionez, itxaropenerako tarte txiki bat ere utzi digu azken txostenak. Besteak beste, itsas dortoka populazio batzuen egoera hobetu egin da, eta desagertzeko arrusku bizian dagoen Kaukasoko pantera subespezieak ere hobekuntza txiki bat izan du: populazioa 40 aletik 60 alera igo da, eta azken urtean 5 kume jaio dira.

Mekong ibaiko 9 izurde ere jaio dira; albiste ona 80 aleko populazio ñimiñoa duen ugaztu urtar honentzat.

 

...............

Argazkia: publicdomainpictures.

Erantzun

Sartu