1990. hamarkadako gailurik arrakastatsuenetakoa izan zen. 2001en kaleratu zen azkenengoz Game Boy ezaguna, beste joko digital batzuen harrera beroagoaren ondorioz. Baina retro guztia modan dago berriro, eta Hyperink enpresak iragarri du Gameboy berritua ekoizten hasiko direla aurten bertan. Garai bateko Game Boy berbera, berrikuntza txiki batzuekin, baina itxura bera gordeta. Ultra GB izendatu dute (izena ez da behin betikoa) eta 100 euro inguruan erosi ahalko da.
Joan zen astean Las Vegasen izan den Consumer Electronics Show (CES) delakoan egin dute iragarpena. Munduko azokarik handienetakoa da CES, munduko garatzaile eta enpresa garrantzitsuenak biltzen dituena, eta han esan du Hyperink-ek, kontsola retroak ekoizten dituen enpresa Kaliforniarrak, Game Boy zaharra berreskuratu eta kaleratuko duela berriro. Teknikoki aldaketa batzuekin, noski, tripak berrituta, baina hasierako itxura berbera mantenduta.
Garbi dago retroa modan dagoela, baita teknologiaren munduan ere. Nintendok NES berritua ekarri zuen, Tamagotchiak ere itzuli dira,... eta oraingoan Game Boy ezagun eta arrakastatsua. 1988an merkaturatu zen lehenengoz, eta 2001era arte fabrikatu zuten, garai hartako kontsola arrakastatsuena izan zelarik. Garbi dago horrelako gailu zaharrek ezingo dietela aurre egin gaur egungo kontsolei, baina beti dago nostalgikoentzat merkatu-nitxo txiki bat, eta horixe aprobetxatu nahi dute fabrikatzaileek.
Game Boy zahar berrituak aldaketak txiki batzuk izango ditu, besteak beste, USB-C portua, hainbat jokalari elkarrekin aritzeko aukera, soinu hobea, pantaila hobea,... azken batean, garai bateko itxura kitsh nostalgikoa mantenduko du, baina erabiltzaile-esperientzia hobea ziurtatuko du. Gainera, etxean gordeta ditugun joko zaharrekin bateragarria izango da.
2018ko udazkenerako jarri nahi dute salgai, eta 100 euro inguruan merkaturatuko da.
...................
Irudia: Wikipedia.
Erantzun
Sartu