Teknologia albisteak

Pangearen mapa politikoa, mundu osoa bat izan zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-25 : 09:07

Duela 300-175 milioi urteko kontinente erraldoi eta bakarra izan zen Pangea. Garai hartan, gure planetako lur guztiak kontinente bakarrean lotuta egon ziren. Mapazale italiar batek gaur egungo estatuen mugak marraztu ditu Pangearen maparen gainean. Orain hain urruti dauden herrialdeak (eta estatu-agintariak), askoz hurbilago egon ziren garai batean. Egileak dioen moduan, mapa honek hobeto adierazten du guztiok bat garela, gure arteko mugak gizakiak sortu dituela eta guztiak mundu bereko biztanle garela.

Pangea Paleozoiko amaieran eta Mesozoiko hasieran egon zen superkontinentearen izena da. Garai hartan kontinente bakarra zegoen gure planetan eta baita ozeano bakarra ere, Pantalasa. Pangearen apurketa Jurasikoan hasi zen, Tetis itsasotik hasi ere, eta apurketa horren ondorioz sortu ziren hasieran Laurasia eta Gondwana izeneko bi kontinente handiak eta, geroago, egungo kontinente guztiak.

Gaur egungo mundua, beraz, oso ezberdina izan zen garai batean, eta egungo mugak eta banaketa oso bestelakoak lirateke garai bateko Pangea horretan marraztuko bagenitu. Eta horixe da mapazale italiar honek egindakoa: egungo mapa politikoa marraztu ditu garai bateko Pangea horren gainean. 

Besteak beste, euskaldunok ber-bertan izango genituzke Tunisia eta Groenlandia, Aljeria eta Kanada. Edota Estatu Batuek mugakide izango lituzkete Venezuela, Kuba eta herrialde arabiarrak. Edota afrikarrek ez lukete Mediterraneoa gurutzatu beharko Europara heltzeko. 

Egileak dioen moduan, "mapa honek beste inplikazio batzuk ere baditu, garbiago irudikatzen baitu planeta bakarra daukagula, gizaki guztiak leku beretik gatozela, eta mugak garaian garaiko agintariek marraztu dituztela, euren egokitasunera". 

Mapa handiago ikusteko, egin klik ondorengo maparen gainean. 

 

Erantzun

Sartu