Teknologia albisteak

Telebista baino ordenagailu gehiago gure etxeetan, lehenengoz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-19 : 11:55

Azken belaunaldiotan telebista izan da gure etxeetako izarra, gure gailu teknologiko kuttun eta erabiliena. Telebista egon da gure bizitzaren (eta etxebizitzen) erdigunean; salbuespen ziren telebistarik gabeko etxeak. Bada, azken inkesten arabera, 2016an bukatu da (betirako?) telebistaren nagusitasun hori. Dagoeneko etxe gehiagotan dago ordenagailu bat (%85) telebista baino (%84). Aldaketa historiko baten aurrean gaude, besteak beste, ikusentzunezko kontsumoan ere eragin nabarmena daukana.

Espainiako telekomunikazio behategiarenak dira goian aipatutako datuak (2016ko txostenean jasoak). Espainiako datuak dira, baina mundu osoan gertatzen ari direnaren adierazgarri. Zenbait belaunaldiz telebista izan da gizakion gailu teknologiko kuttunena. Oso denbora laburrean, ordea, ordenagailuek (eta mugikorrek) hartu dute bere tokia.

Duela 2 urte eskas, etxeen %99etan zegoen telebistaren bat. Gaur egun %84ra jaitsi da proportzio hori. Ordenagailua, aldiz, %85ean dago. Izan ere, gaur egun, paradoxa baten aurrean baikaude: telebista ikusteko ez da telebistarik behar. Are gehiago, "telebista ikusteko" gailu hoberik bada telebista bera baino: ordenagailua.

Ikusentzunezkoak kontsumitzeko eredu berriek ekarri dute ordezkapen bizkor hori. Telebista tradizionala gero eta gutxiago ikusten da, streaming plataformak gero eta indartsuago daude,... Azken batean, "telebista" edozein unetan eta edozein tokitan ikusi nahi dugu, eta horretarako egokiena ordenagailua da, eta ez horrenbeste hormara kateatuta daukagun pantailazar bat. Ordenagailuak, gainera, beste hainbat erabilera ere ematen dizkigunez, garbi dago joera gero eta nabarmenagoa dela ordenagailuen alde.

Belaunaldi eta portaera aldaketa historiko baten erdi-erdian gaude. Telebistak zaharkituta geratu zaizkigu.

 

................................

Irudia: Wikipedia.

Erantzun

Sartu