Samsungek aplikazio bat garatu du bere QLED telebistetan erabili daitekeena. SeeColors deitzen da eta daltonismoa duten pertsonentzat dago pentsatuta. Telebista ikuslearen daltonismoa neurtzen du, eta telebistako koloreak egokitzen ditu ikusle horrek telebistako koloreak egoki ikus ditzan.
Samsungek SeeColors aplikazioa aurkeztu berri du. Aplikazio berriak kolorea antzemateko arazoak diagnostikatzen ditu (besteak beste, daltonismoa eta diskromatopsia), eta QLED telebisten koloreak egokitzen ditu erabiltzaile bakoitzaren beharretara. Hau da, daltonikoa den pertsona baten kasuan, aplikazio horren bidez bere kolore-pertzepzioaren azterketa eta diagnostikoa egiten du, eta aplikazioak jasotako emaitzen arabera telebistaren kolore-espektroa egokitu egiten du pertsona horrek telebistako koloreak zehatz-mehatz ikus ditzan.
Munduan 300 milioi pertsona dira koloreak zehaztasunez antzemateko arazoren bat daukatenak. Europako gizonezkoen %8ak dauka arazoren bat, esate baterako, nahiz eta askok eta askok ez dakiten arazo hori dutenik ere.
Samsungekin batera, Budapesteko Unibertsitateak eta Hungariako Colorlite enpresak hartu dute parte, biak ere daltonismoaren inguruan hainbat ikerketa egindakoak.
Aplikazioa Samsung Galaxy telefono gehienetan instalatu daiteke, PlayStoretik jaitsita, eta behin diagnostikoa telefonoan eginda, kalibrazioaren datuak zuzenean igortzen dira QLED telebistetara.
Erantzun
Sartu