Teknologia albisteak

Applek Shazam aplikazioa erosi du 400 milioi dolar ordainduz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-12 : 11:24

Joan zen asteko zurrumurruen ostean, atzo baieztatu zen albistea: Applek Shazam erosi du, 400 milioi dolar ordaindu ondoren. Entzuten ari zaren abestiak identifikatzen dituen aplikazioa daShazam

Azken urteotako aplikaziorik ezagunenetakoa da Shazam britainiarra. 1999an sortu zen Shazam. Garai hartan telefono dei baten bitartez bidaltzen zen musika-puskat, eta SMS bitartez erantzuten zizun izenburua. Smartphoneen garapenarekin, noski, app bilakatu zen eta azkenaldi luze honetan beti egon da mundu osoko aplikazio deskargatuenen zerrendetan, Top-100 zerrendatik jaitsi ere egin gabe. 

Esan bezala, atzo baieztatu zuen Applek Shazam erosi duela. Oraindik ez da ofizialki zehaztu zenbatekoa den hitzarmena, baina Technocrunchek aurreratu duenez 400 milioi dolarretan erosiko omen du Shazam Applek. Zifra handia da, nahiz eta Shazamek zeukan balioaren azpitik egon daitekeen (1.000 milioi  dolarrekoa zen bere balorazioa 2015ean). Murrizketa horren arrazoietako bat izan daiteke Shazamek oraindik ere galerak zituela (5,3 milioi dolar galdu zituen 2016an), nahiz eta munduko aplikaziorik erabilienetakoa izan (1.000 milioi deskarga baino gehiago).

Beste arrazoi bat izan daiteke, Shazamek izan dituen inbertsoreen artean daudela Sony, Warner eta Universal bezalako musika ekoizleak, eta eurentzat, une honetan, eroso eta erakargarria izan daitekeela Applerekin hitzarmena izenpetzea eta sagarrararen konpainiarekin aliatzea musikaren mundu digitalean dagoen lehian posizio berriak hartzeko. Ez da ahaztu behar, Shazamek Spotify eta Play Music-era bidaltzen dituela orain erabiltzaile gehienak; hemendik aurrera, litekeena da, Shazamek azken horiekin dituen hitzarmenak bertan behera geratzea, eta Shazam erabiltzaile guztiak zuzenean Apple Music-era bidaltzea.

Azken batean, musikaren inguruan Interneten sortzen ari den "ekosistema" berri horretan posizioak hartzen jarraitzen dute eragileek, besteak beste, une honetan horren indartsu dagoen Spotify-ri leiha egiteko. 

 

...............

Irudia: Techcrunch.

Erantzun

Sartu