Teknologia albisteak

1893ko udako sargoria. Gamazada garaia.

Gaur dela 120 urteko uda, ekainaren 4an hasi zen. Iruñeko karriketan elkartutako milaka lagunen arimek piztu zuten Nafarroako eguzkia, eta 1893ko udari hasiera eman zioten.

Gamazadaren garaiak ziren. Madrildik etortzen zen hamaikagarren erasoaldiaren kontrako protesta garaia. Euskal Herri osora zabaldu zen herri mobilizazioa, gaurko herri mobilizazioa eta politikagintzaren aintzindari paregabea (manifestazio jendetsuak, lan instituzionala eta kaleko aldarrikapen uztarketa, sinadura bilketa erraldoiak, Foruen aldeko plazen inaugurazioak, aldarrikapen-diskurtsoen zabalpena herriz herri, Foruen Monumentuaren eraikuntza Iruñean herritarrek egindako diru-ekarpenari esker… ).

Uda hori luzea izan zen. Esatebaterako, abuztuaren 16an, Gernikako San Roke jaietan, Espainako bandera pare bat erre zituzten Gamazoren Legearen kontrakoak “Gora Euskeria askatua” ohiuen artean. Kontakizunen arabera, Iruñeko Orfeoiak abestutako “Gernikako Arbola” ereserkiak sugarra piztu zuen. Beste aldetik, hil horren 27an, Sagasta espainiar lehen ministroa Donostiako Londres Hotelean zegoelarik, haren kontrako manifestazio batean, Goardia Zibilak hiru lagun hil zituen. Foruak eztabaidaren jopuntuan, gaur gertatzen den bezala. Askatasunak vs Madrilekin lotzen gaituen kate lodia, Nafarroako armarrian jarri ziguten kate berbera.

Ondoren, “Nafartarren Ohorezko Liburua” eta bertan bildutako 120 mila sinadurak etorriko da; baita Arturo Kanpionek Madrilgo Gorteetan egindako interbentzioak, edota Kanpioni Kastejoneko tren geltokian egindako ongi etorria, eta Arana anaiek, Nafarroako Erriberako tren geltoki horretan, lehendabizikoz aireratutako ikurriña hori; Iruñeko Sarasate Pasealekuan kokatutako Foruen Monumentuaren eraikuntza, Diputazioak inauguratu gabe utzi zuena, ….

Eta batzuk entzungor egingo dute, eta gure Historia gezurrez betetzen duten bitartean, iraganari begira ezin garela egon esango digute. Zergatik hainbeste ezjakintasuna ? Nori komeni zaio gure Historia ezkutuan mantentzea ? Eta egun, nor da Foruen defendatzaile sutsuena ?

120 urteko sargoria. Nafarroako Konkistaren 501 urteko gau ilun honetan, Gamazo izenak gogor kopaltzen ditu gure belarriak, behin eta berriro. 1903. urtean, herritarrek jarritako diruari esker altxatu zen Foruen Monumentuan zizelatua agertzen den esaldietako bat gogora ekarri nahi dut, mende baten ostean, esanahaia galdu ez duen sentimenduaren lekuko isila: “Oroitarri hau, askatasunen alde nafarrek erakutsitako batasuna irudikatzeko altxatu zen. Askatasun hauek, maitatzeko, bizitza bera baino duinagoak direnak.”

Sergio Iribarren Galbete
1512-2022 Nafarroa Bizirik ekimeneko kidea

Erantzun

Sartu