Teknologia albisteak

Deskonkistaren bidea garatzearen beharraz

1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren inguran lanean ari garenontzat, urte hau biziki intentsoa izan da. Eta ez bakarrik aurrera eraman ditugun dinamikek jarritako erritmo zoroarengatik, baizik eta bidean sentitu dugun emozio uholdearengatik ere.

Ekimenak zuen helburu nagusia betetzat eman dezakegu. Azken urte hauetan “ofiziala” ezizena zeraman ikuspuntua guztiz desmontatua gelditu da, argudiorik gabe, alegia. “Berdinen arteko anexioaren” teoria defenditzen zutenak, gure Historiaren erabilpen polítiko hutsa egiten ari zutela demostratu dugu. Eta beste aldetik, 1512ko konkistak utzi zituen ondorioak gaurdaino iraun dutela mahaigainean jarri dugu ere. Argi dago, zentzu honetan lan asko egiteke dagoela, belaunaldi berriek gure Historiarekiko izan behar duten pertzepzioa eta atxikimenduaren kasuan adibidez.

Ildo honetatik, iraila eta urrian zehar pare bat hitzordu garrantzitsu izan ditugu. Lehenengoa, irailaren 9an, Tutera herriak amore emateko behartua izan zela gogoratu genuen, eta Erriberako hiriburuan Kantujira Nazionalean bildu ginen kantari. Bigarrena, urriaren 14an Donapaleun, Nafarroako erresumaren burujabetza berreskuratzeko lehenengo saiakeraren V.mendeurrena ospatu genuen. Ospatu, bai! Bere osotasunean ospatu. 1521an gertatu zen ez bezala, 1512ko udazken horretan ez zuten gaztelarrak kanporatzea lortu, baina tira, saiatu, saiatu ziren. Eta, 500 urte geroago, ahalegin hori goraipatzeko prest dagoen Herri bat dagoela erakutsi dugu, eta hori inportantena da.

Donapaleutik Deskonkistarako deialdia zabaldu dute jada. Goazen ba lekuko hori gora jasotzera ! Bost mendeetako akulturazio prozesu baten ostean, bizirik gaude. Baina konkistatuak jarraitzen dugu. Konkistak utzitako ondorioak deuseztatzea da helburua, lapurtutako burujabetza berreskuratzea guztiz zilegia da eta. Gure buruak deskonkistatu behar ditugu, gure hizkuntza, gure instituzioak, gure kultura, gure nortasuna, gure sexualitatea, … Gure lepoak estutzen dituzte kateak apurtzeko beharrean gaude, gure burua deskonkitatu, alegia, gure buruaren jabe berriro izan gaitezen.

“Eta orain zer? 2012.urtea eta gero, zer?” Hori galdetzen digute Nafarroa Bizirik ekimenean gaudenoi. “Lanean jarraitu !” erantzuten dugu. Sortutako kimetza elikatzen jarraitu behar dugu. Nafarrak sentitzen gara, jatorri desberdinetako nafarrak, XXI.mendeko nafar menderakaitzak, Espainar eta Frantziar estatuekiko duten loturaren inguruan erabaki nahi dutenak. Barcina eta Del Burgo jaun-andreak, urte hau bukatzearekin ez gara erditik kenduko, eta bidean elkartuko gara berriro. Guk argi baitaukagu deskonkista prozesu hau geldiezina dela, guztiz demokratikoa eta osasuntsua, konkista bortitz batean oinarritutako jendarte batek etorkizunik ez du eta.

Gure aldetik, egin dugun lanaren balorazioa egiteko eta hemendik aurrera ditugun erronkak zehazteko nahian, azaroaren 17rako 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko Sarearen Batzarra deitu dugu. Eta bukatzeko, urteari agur duin bat eman ahal izateko, Jaso eta Azpilikuetar Frantziskoaren egunaren ospakizunekin lotua, abenduaren 1ean, ekitaldi nazionala ospatuko dugu Iruñean. Lodosakoak, Oiartzungoak, Garruztarrak, Senperekoak, Etxarrikoak, Aguraingoak, Getariarrak, Zangotzakoak, … gonbidatuak zaudete !

Gure oroimena berreskuratzearen bidean bat egin dugun lagun guztiei besarkada bana. Deskonkista garaia heldu da.

Sergio Iribarren Galbete
1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko kidea

Erantzun

Sartu