Teknologia albisteak

Elektronikaren mundua irauli dezaketen metal likido ultrafin "berriak" lortu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-23 : 11:34

RMIT Institutuko ikerlariek (Australia) metal likidoa erabili dute 2 dimentsioko materialak sortzeko, naturan sekula ikusi ez direnak eta atomo gutxi batzuetako lodierakoak. Hamarkadako aurkikuntzarik handienetakoa dela adierazi dute Science aldizkarian argitaratu duten artikuluan. Gainera, teknika merke eta azkarra da metal likido fin-fin horiek lortzeko erabili dutena. Konfirmatzen bada, sekulako hobekuntza etorriko da gailu teknologikoen esparrura, askoz gailu txiki, bizkor eta merkeagoak sortzeko aukera emango duelako.

Australiako ikerlariek 2-3 atomoko lodierako metal-geruzak lortu dituzte teknika berriari esker. Kimika ulertzeko modua ez ezik, elektronika ere goitik behera irauli dezake aurkikuntzak, askoz gailu azkarragoak eta datu-memoria handiagokoak lortu ahalko baitira. Izan ere, zenbat eta finagoak izan metal-geruzak, osagai elektroniko bizkorragoak lortu ahalko dira eta energia gutxiago beharko dute. Osagai elektroniko nanometrikoak lortzeko aukera izango da, hartara. Teknika berria aplikatzeko "oso material eta baliabide merkeak behar dira horretarako; zure etxeko sukaldean egin ahalko duzu", esan dute ikerlariek.

"Arkatz batekin idazten duzunean, arkatzaren grafitoak geruza batzuk uzten ditu paperaren gainean, grafenozko geruzak. Horiek geruza naturalak dira. Baina zer gertatzen da material horiek ez badira naturan existitzen? Teknika berriarekin horrelako geruzak sortzen ditugu; naturan berez existitzen ez diren geruzazko materialak".

Taula periodikoko elementuen %33 ingururekin aplikatu ahalko dela aurreikusten dute, horietako asko eroaleak direnak. "Material horiek egungo gailu elektronikoen eta optikoen oinarrizko osagaiak dira. Material ultrafin hauei esker, atomo gutxiko lodierakoak, askoz gailu eraginkorragoak lortu ahalko dira. Orain arte ezin genuena lortuko dugu hemendik aurrera".

Aurkikuntza eta teknika berria konfirmatzen badira, beste material batzuekin ere erabailgarri bada, eta modu industrialean erabiltzeko gaitasuna lortzen bada, teknologiaren mundua errotik irauli daitekeela ematen du. Eta ez bakarrik teknologia, produktu kimiko askoren ekoizpenean ere eragin zuzena izan dezakeelako, hala nola plastikoak, medikamentuak, eta abar.

 

Erantzun

Sartu