Teknofiloen albistegia

Ikasleentzat baliagarri izango diren 1.000 artikulu gehiago Wikipedian

Erabiltzailearen aurpegia
Irekia
2017-10-20 : 09:09

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak proiektu berritzaile bat jarri dute abian ikasleentzat baliagarriak izango diren 1.000 artikulu baino gehiago sustatzeko euskarazko Wikipedian. Atzo egin zuten aurkezpena eta prentsa-aurrekoa Donostian, Euskal Wikilarien elkarteko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko hitzarmena aurkeztu dute gaur, Donostian. Akordio honi esker, euskarazko Wikipediaren sustapenean murgilduta dauden lagunek proiektu zehatz bat garatuko dute, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarriak izan daitezkeen 1.000 artikulu baino gehiago sustatzera bideratuta. Prozedura zehatz eta landu bati jarraiki garatuko da proiektua, auzolan erraldoi bat sustatuz unibertsitateekin, kultura eragileekin edota Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleekin batera.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da akordio honen berri emateko arduraduna, Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidearekin batera. Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko ditu urte bakoitzean hiru urtez luzatuko den proiektua honetan (guztira 600.000 euro), egitasmo estrategikoa baita euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko konpromisoa betetzeko.

 “Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. Orain dela 16 urte sortua, munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Euskarak ere badu bere lekua hauen artean, ez nolanahikoa gainera: artikulu kopuruari dagokienez, munduko 31. hizkuntza da. Beste hainbat lekutan bezala, ikasleak dira hauen irakurlerik fidelenak eta ezinbesteko tresna bilakatu zaie. Gaur aurkezten dugun proiektuaren bitartez, euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzen lagundu nahi dugu, baita ikasleentzako tresna bezala duen eraginkortasuna ondu ere”, azaldu du sailburuak.

Proiektua

‘Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat’ da Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak gidatuko duen proiektuaren izenburua, kalitatea proiektuaren bereizgarri garrantzitsuena baita. Proiektu honen jatorrian ‘Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda’ eta antzeko nazioarteko ekimenen eragina dago, baina moldatu egin da adin-tarte zehatz batean ikasten diren gaiak txertatzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hala eskatuta, adin-talde zehatz batek izan ditzakeen beharretara bideratu da proiektua; izan ere, Euskararen Aholku Batzordeko IKTen inguruko batzorde-atalak euskarazko Wikipedia indartzeko premia ikusi zuen. Bisita-kopuruen inguruko grafikoek argi erakusten dute ikasturtean zehar ikasleek sortzen duten trafikoa, baita gai zehatz batzuek duten nagusitasuna ere. Dauden gabeziez jakitun, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea ate ezberdinak jotzen hasi zen proiektua ahalik eta egokien kudeatu ahal izateko.

Lehenengo pausoa Curriculum dekretua hartzea izan zen, honek definitzen baititu derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan jakin beharrekoak. Berritzegune Nagusiarekin  dokumentu mardul honen barruan azaltzen diren kontzeptuak identifikatzea eta iragaztea izan zen hurrengo urratsa. Eta hortik atera ziren ikasleen beharretarako funtsezkotzat hartzen diren  artikulu horiek. Helburua 1.000 artikulu inguru ateratzea zen, baina atal bakoitzean ikasten dena ikusita 1.600 atera dira lehenengo zerrenda. Prozesuan zehar gai gehiago sar litezke zerrenda horretan eta, itxura guztien arabera, 1.000 artikulu egiteko lehen xede hori gaindituko da.  

“Euskarazko Wikipedia osoaren %0,5 baino ez dira artikulu horiek, baina bisita guztien %7,3 dira gurean. Gainera, gaikako joeren grafikoek argi erakusten digute gai batzuen eta ikasleen eskola egunen arteko lotura. Hortaz, aukeraketa egokia iruditzen zaigu. Kasu batzuetan, egun dauden artikuluak hobetuko dira, eta beste batzuk, berriz, berriak izango dira”, adierazi du Galder Gonzalezek.

Hautatutako gai horiek 15 esparru ezberdinetakoak dira: Matematikak (100 artikulu); Geografia eta Historia (300); Hizkuntzak (50); Ekonomia Ekintzailea (100); Plastika eta Ikus-entzunezkoak (150); Biologia eta Geologia (200); Kultura Zientifikoa (50); zeharlerroa: Emakumea eta Generoa (70); Kultura Klasikoa (100); Musika, Dantza eta Antzerkia (150); Fisika eta Kimika (150); IKTak (40); Literatura (50); Filosofia (50); eta Gorputz-hezkuntza (50).

Auzolanean

Proiektua gauzatu ahal izateko Wikipediaren ezaugarririk berezkoenaren aldeko apustua egingo da: auzolanaren aldeko apustua. “Auzolan erraldoia egingo dugu hurrengo hiru urteotan, batez ere unibertsitateetan zentratuta, baina hezkuntza- eta jakintza-institituzio ezberdinak ere proiektuan sartuz”, adierazi du Gonzalezek. 

Auzolan eredua beste herrialde batzuetan (bereziki Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan) erabilitako berbera da: unibertsitateetako ikasleek euren irakasgaiaren barruan aurkeztu beharreko lanak baliatuko dituzte euskarazko Wikipedia elikatzeko. Irakasleek lan horiek ikasgaiaren barruan  ebaluatuko dituzte eta, horrekin batera, zuzenketak egingo dituzte. Azken emaitza izango da Wikipediara igoko dena eta, ondorioz, artikuluaren kalitatea bermatuta egongo da. Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasle eta irakasleekin eredu bera jarraituko da.

Prozesuak aurrera egin ahala, wikilariek artikuluen hobekuntza teknikoak egingo dituzte, eta ikasle zein irakasleei laguntza espezializatua emango diete. Irakasle eskoletako zein pedagogia fakultateetako irakasle zein ikasleek artikulu horien didaktikari erreparatuko diote, 12-16 urteko ikasleentzat baliagarri izateko. Museoek eta kultura eragileek ere parte hartuko dute proiektuan, nahi izanez gero, kalitatea hobetzeko.

Azkenik, hiritarrek ere parte har dezakete proiektuan, eta informazio guztia eskuragarri izango dute http://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza webgunean edota http://wikimedia.eus blogaren bitartez. Eskoletako kideek proiektuan parte hartzeko interesa izanez gero hezkuntza@wikimedia.eus helbidera jo ahal izango dute.

Gaurko euskarazko Wikipedia

Munduko 300 hizkuntzatan milioika artikulu ditu  Wikipediak, gehien erabiltzen den entziklopedia. Euskarazko Wikipediak wikilarien komunitate sendo eta zorrotz bat du atzean, eta, horiei esker, 284.000 artikulu baino gehiago daude plazaratuta. Artikulu kopuruaren arabera munduko 31. hizkuntza izan arren, euskarazko Wikipediak badauka zer hobetu. Egunero 70.000 artikulu irakurtzen dira euskaraz Wikipedian, eta ikasleak dira artikulu gehien irakurtzen dituztenak. Funtsezko tresna bilakatu da ikasleentzat, beraz, eta horrek ardura handia eskatzen du. Gaur aurkezturiko proiektua baliagarria izango da euskarazko Wikipediak aurrerapauso sendo bat emateko kalitatearen ikuspegitik.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Azken erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia
Goizean albiste hau argitaratu dugunean akats h... (Sustatu.eus)
Bilbo Hiria Irratiaren 20 u..., 2017-11-10
Kaixo, lagunok: Irale-n lan egiten dut( irak... (pelloaranburu)
Aldaketa nabarmenak Euskalb..., 2017-10-30
Erabiltzailearen aurpegia
Badirudi arazoa bezero inplementazioan dagoela,... (Aitzol)
Adi! Etxeetako routerretan ..., 2017-10-16
Erabiltzailearen aurpegia
Publikatu dituzte erasoaren xehetasunak https:... (Aitzol)
Adi! Etxeetako routerretan ..., 2017-10-16
Erabiltzailearen aurpegia
turismoa airb (dabid aldama)
Airbnb-ren eragina Donostia..., 2017-09-29

»» Jardun osoa