Durangoko Azokak 52. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu zituen atzo Durangoko Kurutzesantu Museoan egindako prentsaurrekoan. "Sormenaren lurraldea DA!" izango da aurtengo lelo orokorra, Azoka sormenari begira jarriko baita aurten. Edizio honetako kartelaren egilea Jose Antonio Sistiaga margolaria da, bere pelikula esperimental bateko filmina batean oinarrituz.
Jose Antonio Sistiaga margolaria izango da 52. edizioko kartelaren egilea. Kartelaren oinarria pelikula esperimental bateko filmina da, eskuz margotutako zeluloidea. Irudiak "unibertsoaren sorrerara egindako bidaia" iradokitzen du.
52. edizioko leloa "Sormenaren lurraldea DA!" izango da. Kultur eragile guztiak batzen dituen espazio moduan agertu eta bertan ematen diren istorioak, ikuskizunak, abenturak... aldarrikatu nahi ditu lelo horrekin Azokak. Bost eguneko azoka izango dugu hirugarren urtez: abenduaren 6tik 10era. Ikasle Eguna bigarren egunean ospatuko da, eta jada tailer guztien izen emateak bete dira. Arratsaldean helduentzako tailerrak antolatuko dira, izen ematea zabalik dago.
Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia: Sormenaren lurraldea DA! "Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza".
"Durangoko Azokan gauza asko gertatuko dira: jendea eta jendea, liburuak eta diskoak, istorioak, abenturak, doinu berriak, ikuskizun harrigarriak, emozioa, pasioa, gogoeta...". Mujikak gogoratu duenez, 52 egun falta dira 52. ediziorako. Gonbidapena egin die bisitariei Durangora gerturatzeko: "Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!".
Erantzun
Sartu