Lurgaia Fundazioak CrowdFundinga jarri du martxan Urdaibaiko Erreserbako basoak berreskuratzeko. Kanpainaren helburua da, Undabason 31 hektareako lursaila erosteko finantziazioa lortzea, Urdaibaiko hariztirik handiena izango dena landatu ahal izateko. Urdaibaiko lurrazalaren %78 hartzen dute pinuek eta eukaliptoek. Egoera hori irauli nahi du Lurgaiak, eta horretarako abiatu du kanpaina hau. 18.000 euro lortu nahi dira CrowdFundingari esker, guztira 108.000 euroko aurrekontua duen proiektu baterako. Zeuk ere lagundu dezakezu Urdaibaiko basoak berreskuratzen!
Lurgaia Fundazioak ia 10 urte daramatza Urdaibai Biosfera Erreserban lanean eta bertako basoak berreskuratzen. Gaur egun 26 hektarea kudeatzen ditu Urdaibain, eta kanpaina honekin hau biderkatzea lortu nahi da. Egitasmo hau QUERCUS programaren barruan kokatuta dago, eta bere helburuak ekologikoak zein sozialak dira. 2002. urtean sortu zen Lurgaia Fundazioa, irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu eta independientea. Bere helburuak dira ondare naturalaren kontserbazioan eta kudeaketan eragitea, dibulgazio lanak ahaztu gabe.
Lurgaia Fundazioak 155 lursail kudeatzen ditu zaintza akordioei esker (kudeaketa akordio edota erosketen bidez), guztira 250 hektarea. QUERCUS programa martxan jarri zenetik, 100.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu milaka pertsona boluntarioen laguntzaz. QUERCUS programaren egitasmo nagusiak Urdaibaiko Biosfera Erreserba barruan kokatzen dira, bi gune nagusirekin: Amunategikoa (30 hektarea) eta Undabasokoa (egun 26 hektareekin baina 57 izatera iristeko asmoarekin). Jabeekin adostutako akordio edo erosketen bidez, lur-eremuak zuzenean kudeatzera iristen da Lurgaia. Orain arte pinu eta eukaliptu izan diren 57 hektarea, bertako baso izatera igaroko dira.
108.000 euro behar dira horretarako. CorwdFunding kanpaina honen bidez 18.000 euro lortu nahi dira. Kanpaina joan zen astean ireki zen Goteo.org plataforman eta azaroaren 23a arte iraungo du zabalik.
2017aren bukaera aldera bi lursail hauen eskriturak egingo ditugu. Lurra da erosiko duguna eta ez landatuak dauden pinuak (egurrari egungo jabeek aterako diote etekina). Guztira, hiru urtean, 108.000 € ordainduko ditugu 3 epetan. Hauek dira adostutako epeak: eskriturak egitean, %75a ordainduko dugu (80.000€), bigarren urtean, 2018ko bukaeran, %12,5 (14.000€) eta hirugarren eta azken urtean falta den beste %12,5 (14.000€).
Lehengo ordainketa egiteko Lurgaiak 62.000€ dauzka gordeta, diru hau urteetan egindako lanetik eta bazkideen kuotetatik eratorri da. Kanpaina honekin, zuen laguntzaren bidez, lehengo ordainketarako falta zaizkigun 18.000€ak jasotzea espero dugu, eta honi bigarren urteko ordainketa egiteko beste 14.000 €ak batu dizkiogu.
Aurtengo neguan lursail berri honetako 10 hektareetan dagoen pinua moztuko da, eta bertoko zuhaitz eta zuhaixkak landatzera ekingo diogu. Beste 21 hektareetan mozketa hurrengo urteetan egingo da, pinuei sasoia heldu ahala.
Kontuan izan behar da, Urdaibaiko lurrazalaren %78 hartzen dutela pinuek eta eukaliptoek. Biosferaren Erreserba izan arren, baso bakarra dago erreserba osoan: 1.700 hektareatan zabaltzen den artadi bat. Apenas iristen den Urdaibaiko biosfera erreserbako lurren %9ra. Eremu horretako gune batzuetan are errealitate gordinagoa dago: Muxikan, esaterako, mendiko lurren %90 hartzen dituzte pinuek eta eukaliptoek. Egoera hori aldatu nahian ari da lanean Lurgaia Fundazioa, eta horixe da kanpaina honen helburu nagusia: bertoko basoen estaldura handitzea Urdaibain.
Basoa esaten dugunean, 100 urte eta 100 hektarea gutxienez behar dituen ekosistema konplexu batez hitz egiten ari gara. 100 urte itxaron beharraz ez gara arduratzen, ez dugu presarik, naturari laguntzen diogu eta ez ditugu emaitza azkarrak espero, argi dugu baina, egun gure basoak zaintzeak gure etorkizunean eragin positiboa izango duela. Hariztien berreskurapena oso garrantzitsua da, ez bakarrik gure ondare-naturala berreskuratzeko, baizik eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko, higadura prozesuak gutxitzeko edota gure ibai eta erreken uraren kalitatea hobetzeko.
Erantzun
Sartu