Teknologia albisteak

Eguraldi onarekin sinpatikoagoak gara sare sozialetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-06 : 09:59

Eguraldi onarekin sare sozialetako giroa ere hobea omen da. Horixe ondorioztatu du Stanford Unibertsitateak egindako ikerketa batek. Twitterreko eta Facebookeko 3.500 milioi argitalpen aztertu ondoren, eta eguraldiarekin konparatu ondoren, ondorioztatu dute erabiltzaileek sare sozialetan daukaten jarrera askoz animosoagoa eta sinpatikoagoa dela eguraldi onarekin. Tira, azken batean, sare sozialetako datuak erabiliz, ondorioztatu dutena zera da: eguraldi onarekin zoriontsuagoak garela ;)

Hau ez da, jakina, eguraldia eta pertsonen jarrera edo osasuna erlazionatzen dituen lehenengo ikerketa. Bada, ostera, sare sozialetako datuak modu masiboan erabiliz egin den handi eta aurrenekoetako bat. Horretarako, 2009-2016 bitartean Twitterren eta Facebooken argitaratutako 3.500 milioi argitalpen hartu zituzten, eta erabilitako hitzen azterketa egin dute, termino baikor/positiboak eta ezkor/negatiboak zenbatuz. Azterketa egiteko orduan, eguraldiarekin zuzenean lotutako argitalpen guztiak kendu egin zituzten, eta gainontzekoak bakarrik erabili zituzten.

Jasotako datu horiek egun jakin horretako datu meteorologikoekin alderatu zituzten (tenperatura, prezipitazioa, eguzki-orduen iraupena,...) eta ondorioztatu dute, begi bistakoa dena: eguraldi "onarekin" (uler bedi, eguzkitsuarekin) pertsonak zoriontsuagoak gara eta halaxe demostratzen dugu sare sozialetan, askoz termino positiboagoak erabiliz eta jarrera baikorragoa erakutsiz. Aldiz, hotz eta euri handiko egunetan, sare sozialetako giroa ere ilundu egiten da. 

Ikerketarako, Facebookeko 2.400 milioi egoera-aldaketa erabili dituzte (2009-2012) eta Twitterreko 1.100 milioi txio (2013-2016). 

Ikerketan jasotako datu eta ondorioak ikusgai dituzue artikulu orijinalean: "Weather impacts expressed sentiment" (Baylis et al., 2017). 

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago