Teknologia albisteak

HTC telefono-konpainia erosi du Googlek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-09-21 : 09:41

Duela zenbait egun hasi ziren zurrumurruak eta orain baieztatu da: Googlek HTC konpainia taiwandarra erosi du. Ez da erabateko erosketa bat, HTCek bere markari ere eutsiko diolako, langileen zati batekin batera, baina 1.100 milioi dolarreko hitzarmenari esker, HTCren patenteak eta expertisea Googleren esku geratuko dira, HTCko 2.000 langilerekin batera. HTC Corporation taiwandarrak gailu elektronikoak fabrikatzen ditu, batez ere mugikorrak. Hauxe da Googleren lehenengo urrats serioa hardwarearen fabrikazioan ere zuzenean sartzeko.

Bi konpainien arteko hitzarmenari esker, HTCek bere egitura handiegia arintzen du (azkenaldian izandako arazo ekonomikoak arintzeaz gain), eta Googlek, aldiz, hardwarearen inguruko ezagutza, ikerketa-gaitasuna eta fabrikazio-ahalmena indartzen ditu. Ez da erabateko erosketa, HTCek bere markarekin ere jarraituko duelako, baina konpainiaren zati handi bat (bai langileak eta, batez ere, patenteak) Googleren esku geratuko dira. 

Azken urteotako lankidetzaren hurrengo urrats bat dela ulertu daiteke, Googleren Pixel mugikorrak orain arte HTCek fabrikatzen zituelako (nahiz eta gero Googleren logotipoarekin saltzen diren). Erosketa honekin, Googlek urrats sendo eta estrategiko bat eman du  hardwarearen munduan zuzenean murgiltzeko. Lehendik ere jardun du honetan, noski, besteak beste, Chromecast bezalako gailuekin, asistente domotikoekin, errealitate birtualeko betaurrekoekin,... eta baita Pixel (lehenago Nexus) markako telefono eta tabletekin. Baina oraingoan urrats bat gehiago eman du Googlek, mugikorren fabrikazioa hasieratik amaierara kontrolatuz, eta mugikorren merkatuaren zati gero eta handiagoa bereganatzeko asmoa argi eta garbi adieraziz.

Zer ondorio izango du honek? Bada, zalantza handiena da, ea nola erantzuten duten Android mugikorren beste ekoizle batzuek (Huawei, Samsung, Vivo,...). Orain arte Google euren "laguna" izan da, euren sistema eragilea (Android) "doan" eskaini diena. Hemendik aurrera, Google konpetentzia handi bat izango da. Zer eragin izango du horrek sistema eragileetan? Samsungek, Huaweik eta enparauek Androidekin jarraituko ote dute? Euren sistema eragilea garatzen edo Androiden fork-ak sortzen hasiko ote dira? Dena dela ere, aldaketa dator mugikorren merkatura.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago